Ikastoletako langileek giza katea egingo dute bihar, Donostian

LABek deituta, zera salatuko dute: Eusko Jaurlaritza ez dela betetzen ari LABekin ikastoletarako sinatutako lan hitzarmena.

Ikastoletako akordioa bete dezatela eskatzeko LABek egindako protesta bat, iazko ekainean, Eusko Jaurlaritzaren atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
Ikastoletako akordioa bete dezatela eskatzeko LABek egindako protesta bat, iazko ekainean, Eusko Jaurlaritzaren atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 28a
16:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langileek protesta eguna dute bihar. Hain zuzen, LAB sindikatuak deituta, giza katea egingo dute Bulebarreko kioskotik hasita Gipuzkoako hezkuntzako lurralde ordezkaritzara, 18:30ean.

Sindikatuaren esanetan hauxe da arrazoia: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ez dela betetzen ari sindikatuarekin 2023ko ekainaren 1ean adostutako lan akordioa.

Azaldu dutenez, itun horrek bi eremutan eragiten die ikastoletako langileei. Batetik, hitzartu zuten ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileen soldatekin parekatuko zituztela 2027rako. Bestetik, oro har lan baldintzei dagokienez, LABek dio adostu zutela azterketa bat abiatzea, sare publikoko langileen lan baldintzekin nola parekatu aztertzeko. Alta: «Gaur egun, Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio adostasunak betetzeko duen erantzukizunari».

ELA, beste hitzarmen baten alde

ELAk ohar bat atera du ikastolen inguruan. Haren irudiko, 2023ko akordioak «eduki eskasak eta bermerik gabeak» jasotzen ditu, eta, horrenbestez, beste hitzarmen bat egitea proposatu dio LABi. «LABek, gaur-gaurkoz, uko egin dio ELAren proposamenari». 

Hori horrela, sindikatuak bide bat abiatzea erabaki du, beste lan hitzarmen bat lortze aldera, eta negoziaziorako mahai bat eratzea eskatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.