Agintaldia erdira iritsi denean, alkate aldaketa izan da Araman, gobernu taldeak adostutako akordioaren ondorioz: Aritz Insaustik kargua utzi, eta Iker Irribarria izendatu zuten atzo arratsaldeko ez-ohiko udalbatzarrean.
Insaustik 2023ko ekainaren 17an hartu zuen alkate kargua, eta Aramako Udalaren oharraren arabera, «ordutik mahai gainean egon da legealdia bi zatitan banatzeko aukera. Trantsizio hori gaur [atzo] gauzatu da formalki, udalbatzarrean egindako bozketaren bidez».
Irribarriak esperientzia du, bigarren agintaldia baitu Aramako udalean. Gogotsu hartu du erronka, eta orain arte egindako lanari jarraipena ematea du helburu nagusia: «Eskertuta eta ilusioz hartzen dut ardura hau. Herri honen alde lanean jarraitzea ohore bat da niretzat, eta orain arteko lanari jarraipena emateko asmoa dut, herritarren ongizatea eta parte-hartzea erdigunean jarriz. Erronkak badira, baina konfiantza osoa dut gure taldean eta herrian bertan».