Ikerbasquek 30 ikertzaile eta 49 milioi euro erakarri zituen iaz

Fundazioko ikerketa taldeek landutako 1.346 proiektuk kanpoko finantzaketa lortu zuten, eta horietatik bostek Europako Ikerketa Kontseiluaren diru baliabideak jaso zituzten.

Ikerbasqueren arduradun eta ikertzaileak, 2025eko balantzearen aurkezpenean, Bilbon. IREKIA
Ikerbasqueren arduradun eta ikertzaileak, 2025eko balantzearen aurkezpenean, Bilbon. IREKIA
14789412 kepa
Bilbo
2026ko martxoaren 25a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikerbasquek oso emaitza onak lortu zituen iaz, «bai talentu berria erakartzeari dagokionez, baita eskuratutako funts eta gidatutako proiektuei dagokienez ere», fundazio horretako arduradunek adierazi dutenez. 2025ean 30 ikertzaile erakarri zituen, eta, hala, 417 profesional aritzen dira ikerkuntzan, aurreko urtean baino 15 gehiago. Ikertzaile horien proiektuek atzerrian lortutako diru baliabideei dagokienez, iaz 49 milioi euro erakarri zituen Ikerbasquek, aurreko urtean baino bi milioi gehiago.

«2025ean lortutako emaitzen harira, esan daiteke Euskadi zientziaren arloko erreferentzia dela gaur egun Europan. Nazioartean aitortu dute Euskadin ikerketa aurreratuta dagoela, nazioarte mailako euskal ikerketa taldeei eta nazioarteko ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta», azpimarratu dutenez. Horren erakusgarri, Europako Batzordeak sei aldiz jo du garapen zientifikoa bultzatzeko Europako egitasmorik onenetakotzat ikertzaileak erakartzeko Ikerbasqueren programa. Orain arte, zientziarako fundazio horretako programek 28 milioi euro lortu dituzte Europako Batasunetik.

Horiek dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossiok eta fundazioko politika zientifikoko zuzendari Amaia Eskisabelek aurkeztutako balantzearen daturik esanguratsuenetako batzuk. Haiekin batera, Marina Medina eta Irati Garmendia Ikerbasqueko ikertzaileek ere parte hartu dute aurkezpenean.

Aurkeztutako datuen arabera, 2025aren amaieran, Ikerbasquek 417 ikertzaile zituen guztira, ibilbide zientifikoa garatzeko hiru kategoriatan banatuta: 214 ikertzaile finkatu, esperientzia handikoak eta lidergo gaitasuna dutenak; 107 ikertzaile gazte, goi mailako zientzialari taldea osatzea helburu dutenak; eta 96, berriz, research associate gisa sailkatuta, ikertzailearen ibilbidearen etapa desberdinak osatzen laguntzen duenak. Egituraketa horrek, «bikaintasun zientifikoa» sendotzeaz gain, ekoizpen zientifikoa ere bultzatu zuen: 1.726 artikulu argitaratu ziren ospe handiko nazioarteko aldizkarietan, aurreko urtean baino 173 gehiago.

Munduko 35 herrialdetakoak

Ikerketa talde horiek landutako 1.346 proiektuk kanpoko finantzaketa lortu zuten, eta horietatik bostek ERC Europako Ikerketa Kontseiluaren diru baliabideak jaso zituzten. Ikerbasqueko buruek azaldu dutenez, asmo handiko ikerketa proiektuen sustapenean aritzen den Europako erakunderik ospetsuena da ERC. Iaz, erakunde horrek Ikerbasqueren 30 proiektu sustatu zituen diruz. Atzerritik iritsitako diru baliabide horiei esker, orotara 1.685 lagun aritzen ziren lanean iazko urtearen amaieran, Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan. Era berean, ikertzaileek 48 spin-off sortzen lagundu dute. Enpresa ekimen horiek prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena dute oinarri, ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta.

Donostiako Ikerbasque Zentroan kokatutako IBMren System Two ordenagailu kuantikoa. BERRIA
Donostiako Ikerbasque zentroan dagoen IBMren System Two ordenagailu kuantikoa. BERRIA

Munduko 35 herrialdetatik etorritako ikertzaileak aritzen dira lanean Ikerbasqueren babespean. Gehienak gizonezkoak dira; %69a, alegia. Gainera, 2025ean behera egin zuen emakume ikertzaileen kopuruak: 2024an, emakumezkoak %32 ziren, eta, iaz, %31. Jakintza arloei dagokienez, %44 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, %26 medikuntza zientzietakoak, %16 ingeniaritza arlokoak, eta %14 giza eta gizarte zientzietako adituak. Azken esparru horretan ekonomia, hizkuntzalaritza eta historia dira ikerketa lerro nagusiak. Ikertzaile horiek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorri dira: MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateetatik, adibidez, CNRS eta Max Planck elkartea tarteko direla.

Zerbitzu emateko borondatea

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren arabera, hauek dira fundazioaren «arrakastaren» gakoetako batzuk: hautaketa eta ebaluazio prozesuetan izan duten independentzia, zientzia batzordearen kalitate handia, ikertzaileen bikaintasun zientifikoa eta haiek «gure politika zientifikoaren helburu estrategikoekin bat egitea». Baina, batez ere, Ikerbasquek «Euskadiko zientzia eta teknologia sare osoari zerbitzu emateko duen borondatea» azpimarratu du Cossiok. Sare horren parte dira, besteak beste, unibertsitateak, ikerketa kooperatiboko zentroak, BERC Basque Excellence Research Centre deituriko zentroak, aliantza teknologikoak eta ospitaleak.

Era berean, Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak nabarmendu du Ikerbasquek «irmotasunez indartu» duela bere izaera, «EAEn abangoardiako zientziaren katalizatzailetzat dituen eginkizunak zabaldu eta dibertsifikatu dituen heinean». «Ikerketa arloko talentua erakarri eta garatzeaz gain, ikerketa jardueraren kudeaketan rol aktiboagoa hartu zuen lehendabizi. Iaz, berriz, azpiegitura zientifikoen kudeaketan murgildu zen». Sailburuak Donostiako Ikerbasque zentroa aipatu du adibide gisa. Hain zuzen, bertan dago IBMren System Two ordenagailu kuantikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!