Ikerketa administratiboa irekiko du Miarritzeko Herriko Etxeak, aisialdi zentroko sexu erasoen harira

Langileak neurri berriak aplikatzen ari dira astelehenetik, eta animatzaile guzien erregistroa berrikusiko dute. Bi akusatuek kontrol judizialpean segitzen dute.

Miarritzeko Mouriscot aisialdi zentroko ataria. GUILLAUME FAUVEAU
Miarritzeko Mouriscot aisialdi zentroko ataria. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko abuztuaren 5a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi aste, argitara atera zen 3 eta 4 urteko hamasei haurren kontrako sexu indarkeriaren afera, Miarritzen (Lapurdi). Kezka sortu zien herritarrei, haur horiek egoten ziren aisialdi zentroko burasoei bereziki. Auzibideaz gainera, beraz, Herriko Etxeak ikerketa administratibo bat eta auditoria independente bat abiaraziko ditu: kontratazio, kontrol eta prebentzio prozedura guztiak aztertuko dituzte.

Horren bidez, aisialdi zentroan lana eskuratzeko baldintzak eta neurriak zehaztu eta hobetu nahi dituzte, hain zuzen ere, sexu erasoen egileak Mouriscot zentroko bi animatzaile izan direlako. Haurrak bortxatu eta haien kontra sexu indarkeria baliatzeaz akusaturik, 21 urteko gizon bat eta 36 urteko beste bat atxilotu zituzten uztailean. 3 eta 4 urteko hamasei haurri sexu erasoak egitea leporatu diete; gertakariak aurtengo uztailaren 6tik eta 17ra bitarte iragan dira.

Mementoko, lau salaketa aurkeztu dira, eta bortxaketa kasu bat dago tartean. Ez dute xehetasunik eman sexu indarkeriako beste kasuen inguruan. Bi gizonak galdekatuak izan dira, eta kontrol judizialpean daude orain.

Uztailaren 21ean, afera jakinarazi zen egunean bertan, Serge Blanco Miarritzeko auzapezak biktimen gurasoei gutun batean adierazi zien bi gizonak kargutik kendu zituztela. Bestalde, erran zien Miarritzeko herria parte zibil gisa aurkeztuko dela auzibidean. Hori ez aski, ikerketa administratibo bat eta auditoria independente bat abiatzea deliberatu dute.

Erraterako, burasoak herriko etxearen aitzinean bildu zirelarik protestara, pertsona kualifikatuak kontratatzea izan zen haien aldarri nagusietarik, baita aisialdi zentroko zuzendaritza kargutik kentzea ere. Bada, astelehenaz geroz, neurri berriak aplikatu behar dituzte langileek: haurrekin gutienez bi profesionalen presentzia bermatzea, banakako laguntzen jarraipena eta erregistroa, zainketen jarraipen serioagoa, eta sexu indarkeria prebenitzeko lan taldeen prestakuntza.

Bestalde, ikerketaren harira, animatzaile guzien erregistro administratiboak berrikusiko dituzte banan-banan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA