Ihauteen garaia iritsi da, baina badirudi maskarek ezin dutela dena babestu. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aginduz, joan den larunbatean Hazparneko plazan (Lapurdi) erre zuten Zanpantzarrek Jordan Bardella BN Batasun Nazionaleko lehendakaria irudikatzen zuelakoan.
Honako ustezko arau hausteengatik ireki dute ikerketa: agintearen ordezkari baten laidoztatzea, norbait edo pertsona talde bat iritzi politikoengatik publikoki probokatu izana, eta krimen bat edo delitu bat egiteko mehatxua zabaldu izana.
Astea aitzina joan den heinean zabaldu da panpina sutan agertzen duen bideoa, eta sugarrak bezalaxe hauspotu da polemika. Euskal Herritik atera, eta Frantziako ezkerreko hainbat hedabidek ere hedatu dituzte irudiak; nola ez, eskuin muturreko sareetaraino iritsi dira.
Hala X sare sozialean nola Facebooken eta Instagramen, Batasun Nazionaleko hainbat hautetsik salatu dute gertakaria. Edwige Diaz BNko lehendakariorde eta diputatuak, adibidez, erran du «demokraziaren kontrako eraso bat» dela «halako bortizkeria», kontuan harturik, gainera, 2024ko Europako Batasunerako hauteskundeetan BN lehen hautu izan zela Hazparnen. Mathieu Valet diputatuak ere ber gisara erreakzionatu du, eta «ezker muturreko» praktikak gaitzetsi, baita ihautea «gorrotorako mintzaleku» gisa erabiltzea ere.
Hain zuzen ere, ihauteen garaia da, maskaraz eta mozorroaz babesturik, gizarteak urteko gertakariak libreki salatzeko garaia; gehienetan, gainera, pertsonalitate publikoen jokamoldeak salatzekoa. Urtero bezala, aurten ere Hazparneko herriko eskolak, ikastolak eta eskola pribatu katolikoak elkarrekin antolatu zuten larunbateko ihaute eguna, herriko etxearekin elkarlanean. Eta, joan den urtean Donald Trump irudikatzen zuen panpina erre zuten gisara, Bardellaren aldia izan da aurten.
Duela hamar urte, mota bereko arazo bat gertatu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi), Marc Aillet apezpikuaren itxura baitzuen erre zuten panpinak.