«Oso latza izan da». Hitz horiekin deskribatu zuen Joxe Arregik polizien esku jasan zuena. Hori esan eta egun gutxira hil zen, tortura zantzu nabarmenekin, 1981. urtean. Arregiren testigantza iltzatuta geratu da euskal gizartearen memorian. Arregirena eta azken 50 urteetan torturak salatu dituzten «milaka» euskal herritarrenak. Horiek guztiak jaso eta torturaren «egia osoa» ezagutarazteko erronka hartu zuen bere gain Euskal Memoria fundazioak iaz, eta Julen Arzuaga abokatu eta eusko legebiltzarkideak eraman du aurrera lan hori, hainbat norbanakoren eta adituren laguntzarekin, «auzolanean».
Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian izenburu duen liburu «entziklopediko» batean jaso dituArzuagak orain arte bildutako tortura testigantza guztiak eta bestelako ikerketa, txosten eta dokumentuak. Atzo aurkeztu zuten lana egileak eta Euskal Memoriak, torturak salatu dituzten 200 bat lagunekin batera eta torturaren aurkako taldeetako ordezkari eta bestelako eragile batzuk lagunduta. Han izan ziren, besteak beste, torturen ondorioz hildako Xabier Kalparsororen, Gurutze Iantziren, Joxe Arregiren eta Esteban Muruetagoienaren senideak, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako polizia operazioan atxilotu eta torturatutako Pello Zubiriaren emazte Malores Etxeberria eta Martxelo Otamendi, eta torturak eta tratu txarrak salatu dituzten beste hainbat eta hainbat herritar.
Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxean egin zuten aurkezpena, tortura testigantzen agertoki nagusietako bat izan den polizia etxetik berrehun bat metrora. Ekitaldian parte hartu zutenek torturaren «egia osoa» ezagutu behar dela adierazi zuten. Horren harira, nabarmendu zuten torturatuen errolda ofizial bat egin behar dela eta tortura eta tratu txarren erantzuleak identifikatu eta ahal izanez gero zigortu behar direla. Horretarako, ikerketa batzorde «independente» bat sortzeko eskatu zieten Euskal Herriko eragile politiko eta instituzionalei, gainontzeko biktimak bezala, torturak jasan dituzten herritarrek ere egia, justizia eta ordaina jaso dezaten. Atzo aurkeztutako liburua bide horretan lanabes bat izan nahi duela adierazi zuen Arzuagak. «Lan hau ez da definitiboa. Balio dezala egia eta justiziaren alde, memoriaren alde, urrats gehiago egiteko».
Torturaren dimentsioa
Hori hala, eta Euskal Memoriatik gogoratu dutenez, liburuarekin batera, testigantzak biltzeari ekin diote azken urteetan, Euskal Herrian torturatuen datu base bat osatzeko asmoz. 2010ean Gernikako seme-alabak lanean abiatutako ikerketarekin jarraituz, Hego Euskal Herriko 26 eskualde hartu dituzte lagin moduan. Bi urtean ia bikoiztu egin da orduan bildutako tortura testigantzen kopurua: 4.716 testigantza jaso dituzte denera. Horrek erakusten du, Euskal Memoriaren arabera, azaleratu gabeko tortura testigantza ugari daudela oraindik; frankismo garaikoak bereziki, baina baita 1980ko hamarkadakoak ere. Arzuagak egindako kalkuluen arabera, zifra hori 9.633-11.633koa izan daiteke, azken 50 urteak kontuan hartuz gero.
Testigantza horiek eta hainbat adituren ekarpenak baliatu ditu Arzuagak liburua egiteko. Bertan azaltzen saiatu da garaian-garaian «zigorgabetasunari eusteko» Espainiako Estatuak erabili dituen heldulekuak, eta ondorioztatu du, horiek ezberdinak izan arren, torturaren erabilera «iraunkorra» izan dela azken 50 urtean, eta polizia mota guztiek erabili dutela «helburu jakin batzuk lortzeko». «Azken bost hamarkada hauetan, erregimen edo gobernu bakoitzaren erantzukizuna aztertu dugu, baita esparru autonomikoan ere. Tratu txarrek izandako gorabeherak bertan argi ikusten dira, helburuak berberak izanik, metodoak eta formak aldatu direlarik», nabarmendu du.
Ikuspegi kronologikoaz gain, beste atal batzuk aletu ditu Arzuagak, «torturaren dimentsio osoa eskuratzeko». Hala, agintarien rola, justiziarena, auzi medikuena, komunikabideena, eta estatuen arteko kolaborazioa aztertu du, besteak beste. «Horrek guztiak, zigorgabetasun zuzenak eta zeharkakoak, eman dio babeslekua torturari», salatu du liburuaren egileak. Hori hala izanik ere, eta «torturaren errealitatea» ezkutatzen saiatu badira ere, Arzuaga sinetsita dago euskal gizarteak baduela horren berri, sinesgarritasuna ematen diela testigantzei, eta horrek, halaber, dimentsio kolektibo bat ematen diola auziari. «Fenomeno kolektibo baten testigantza da tortura. Herri honen memoria kolektiboaren parte da».
Antzera mintzatu da Unai Romano estatuen errepresioaren hainbat biktima biltzen dituen Egiari Zor fundazioko bozeramailea. 2001ean atxilotu eta torturatu izan zela salatu zuen Romanok. Ubelduraz betetako eta puztutako haren aurpegiaren argazkiek ez zuten zalantzarako tarterik uzten. «Inork ezin du esan ohi kanpokoa denik tortura. Milaka pertsonak diogu —oraingoz 4.800—, giza eskubideen aldeko elkarteek diote, eta baita Estrasburgoko Auzitegiak ere. Memoria dugunetik torturatzen da». Euskal Herriko gatazkan egon den «beste indarkeria batek» eragindako milaka herritarretako bat dela adierazi du Romanok. «Alde batek itxi eta onartu nahi ez duen gatazka horretako indarkeria baten» biktima dela, alegia. «Horregatik sartu nintzen Egiari Zor fundazioan», azaldu du. «Errepresioak kolpatutako pertsonen existentzia bera eta pertsona horien sufrimenduaren kontakizuna ukatua eta ezkutatua dagoelako oraindik», gaineratu du.
Romanok uste du torturaren praktika salatzearekin batera beharrezkoa dela estatuak bere erantzukizuna onartzea, torturatutako pertsonak aitortzea, egindako kaltea ordaintzea eta egiaren batzorde bat sortzea, «torturaren egia osoa ezagutarazteko eta justizia bidean jartzeko».
Eskaera bera egin du TAT Torturaren Aurkako Taldeko Lorea Bilbaok. Instituzioek ordaindutako batzorde independente bat sortzea galdegin du, estatuen ardura zein izan den ikertzeko. Horrez gain, Jaiki Hadi medikuen elkartea Istanbuleko protokoloa aplikatuz aurrera eramaten ari den lana txalotu du —Nazioarteko erakundeek onartutako protokolo hori dela medio, frogatu ahal da pertsona bat torturatua izan den edo ez—. «Hau ez da sineste kontu hutsa. Frogatu egin behar da, eta frogaren zama ezin da norberaren baitan utzi», adierazi du Bilbaok. Era berean, TATeko kideak gogoratu du aurten ere tortura testigantzak jaso dituztela. Halako gehiago egon ez dadin, atxilotuen inkomunikazio aldia amaitu behar dela adierazi du.
Ikerketa batzorde bat eskatu dute, torturaren «egia osoa» azalarazteko
Torturak salatu dituzten 200 bat lagunekin batera aurkeztu du Euskal Memoriak gai horri buruz eginiko lana, IntxaurrondonAdierazi dute tratu txarrak jasandakoek ere «egia, justizia eta ordaina» merezi dutela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu