«Ikerketa eraginkorrik» gabe artxibatu zuten Irati Mujikaren torturen auzia

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tortura salaketa ikertzeko agindu dio Madrilgo Probintzia Auzitegiari. Mujikari deklaraziorik hartu gabe artxibatu zuten salaketa; ostegunerako deitu dute orain

Hodei Iruretagoiena.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Behar bezala ikertu gabe artxibatu zuten Irati Mujikaren tortura salaketa, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren arabera: «Ikerketarako neurri ugari zeuden eskura, modu jarraitu eta sinesgarrian salatutako gertaerak era eraginkorrean ikertzeko. Horren aurka, instrukzioa ez da nahikoa izan, auzi medikuen txosten eta deklarazioetan eta salatzailearen deklarazioen kopietan soilik oinarritu delako artxibatzea». Hala, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu ziotela Mujikari, «osotasun fisiko eta moralerako eskubideari eta torturarik eta tratu gizagaberik ez jasotzeko eskubideari dagokionez», eta agindu du indarrik gabe uzteko Madrilgo auzitegien artxibatze autoak. Salaketa berriz ikertzeko, alegia. Ebazpenaren ostean, Madrilgo Auzitegi Probintzialak ostegun goizerako deitu du Mujika, deklarazioa hartzera.

Guardia Zibilak 2009ko azaroaren 24ko goizaldean atxilotu zuen Mujika, Amezketan (Gipuzkoa), Segiren aurkako sarekada handi batean —gero, absolbitu egin zituzten denak; epaileek, besteak beste, zalantzan jarri zuten gazteek «modu librean» deklaratu izana—. Polizien esku, inkomunikatuta eduki zuten hilaren 27ra arte, eta tarte horretan torturatu egin zutela salatu zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileari. Espetxera bidali zuen hark. 2010eko apirilean jarri zuen salaketa judiziala, baina, hainbat helegiteren ondoren, auzia artxibatzea erabaki zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak, 2013ko martxoan. Hilabeteren bueltan jo zuen Konstituzionalera, eta orain heldu da erantzuna, hiru urtera baino gehiagora —irailaren 19ko data du sententziak—.

Madrilgo auzitegiek bazuten ikerketari nondik tira, Francisco Perez de los Cobos buru duen epaimahaiak ebatzi duenez. Gutxienez, har ziezaieketen deklarazioa Mujikari berari, hark polizia etxean deklaratu zuenean bertan izan zen ofizioko abokatuari eta atxilotuaren ardura zuten poliziei eta deklarazioa hartu ziotenei. Froga horiei guztiei uko egin zieten, ordea; auzi medikuek bakarrik deklaratu zuten auzian.

«Atentzioa ematekorik ez»

Madrilgo auzi medikuak gutxienez hiru alditan jaso zituen txostenetan Mujikaren salaketak, azaroaren 25eko goizean hasita—bezperan, «ia lorik egin gabe» zutela ere esan zion Mujikak—: ariketa fisikoak eginarazi eta «nekatutakoan poltsa jartzen zidaten», «manta batekin bilduta egon naiz, buruan poltsa jarrita», «min ematen dit denak», «oso gaizki pasatu dut, ezin nuen arnasarik hartu»... Kasu batean, atxilotua nekatuta eta minez ikusi zuela ere jaso zuen txostenetan auzi medikuak. Hala ere, 2012an epaile aurrean deklaratu zuenez, «ez zen egon atentzioa emateko moduko inongo egoerarik, berehala auzitegira deitzeko».

Auzitegi Konstituzionalak garrantzi berezia eman die sententzian Estrasburgok azkenaldian torturei buruz emandako epaiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.