Historialaria

Fernando Mikelarena: «Ikerlarien askatasuna ezin da mugatu»

Mikelarenak dioenez, oraindik ere oztopo ugari gainditu behar izaten dituzte ikerlariek zenbait agiri eskuratzeko; zailtasun batzuk legearen aldetikoak dira, baina oztopo teknikoak ere ez dira gutxi.

Fernando Mikelarena historialari beratarra, bere azken liburua eskuetan, urriaren 2an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Fernando Mikelarena historialari beratarra, bere azken liburua eskuetan, urriaren 2an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko azaroaren 12a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fernando Mikelarena Peña (Bera, Nafarroa, 1962) historialaria, idazlea eta eta Zaragozako Unibertsitateko irakaslea da. Ikerketa ugari egin ditu, batez ere frankismoak Nafarroan egindako errepresioaren inguruan. Haren lanetako batek, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 izenekoak (Gupidarik gabe. Garbiketa politikoa Nafarroan 1936an) Euskadi saria irabazi zuen 2016an. Ikerlariek euren lana egiteko izaten dituzten mugez eta oztopoez aritu da Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldietan.

Oraindik ere, oztopo ugari izaten al dituzue ikerlariok frankismoaren eta trantsizioaren garaiko zenbait agiri aztertu ahal izateko?

Hala da. Nire ustez, oztopo nagusia da Falangearen inguruko dokumentazio gehiena desagerrarazi zutela. Horrez gain, legearen aldetik ere badaude zenbait muga, esaterako, Sekretu Ofizialen Legeak ezartzen dituenak, edo norberaren ohore, intimitate eta irudiaren inguruko legeriak jarritakoak. Hirugarren oztopo bat ere badago: artxibategi askotan inbentarioak, zerrendak eta antzekoak falta dira, benetan zer dagoen jakin ahal izateko.

Ohorerako eskubidea dela eta, zuk zeuk Jaime del Burgoren ondorengoen kereila bat jaso zenuen.

Bai. Diario de Noticias egunkarian artikulu bat argitaratu nuen orain dela bost edo sei urte, eta hango informazioa nire liburu batean ere ageri zen, La desmemoria de los vencedores izenekoan. Horren harira, Del Burgoren iloba batek zigor arloko kereila bat jarri zidan. Adiskidetze ekitaldi bat ere izan genuen, baina nik nireari eutsi nion.

Zertan gelditu zen auzia?

Legearen arabera, zuzenean inplikatutakoek baino ezin dute zigor bidea erabili horretarako, ez haien oinordekoek; beraz, arlo zibiletik jo beste biderik ez zuten, eta orduan erabaki zuten aurrera ez egitea. Edonola ere, ez dut ulertzen epaileak zergatik onartu zuen kereila, horrek ez baitzuen inolako ibilbiderik. Babes handia izan nuen: nire aldeko kanpaina bat antolatu zuten eta 600 lagun inguruk nire aldeko agiri bat sinatu zuten.

Edonola ere, argi geratu zen ohorea babesteko legeria oztopo iturri izan daitekeela ikerlarientzat.

Nire ustez, ikerlarien askatasuna ezin da mugatu, baina batzuek egiten dute legearen interpretazio okerra. Bizitza pribatua gauza bat da, eta arlo publikoa, berriz, beste bat. Norbait arlo publikoan aritzen bada, hori ikertzeko oztoporik ez luke egon behar.

Zure hitzaldian «oztopo praktikoak» ere aipatu dituzu. Agiri guztiak digitalizaturik, sailkaturik eta ikerlarien eskura egoten dira?

Artxibategi batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Adibidez, Ferrolgo artxibategi militarrean (Galizia) Arabako sumarioen zerrenda dago, baina Bizkaikoena edo Gipuzkoakoena ez. Hortaz, bizkaitar batek jakin nahi badu bere aitaren edo aitatxiaren sumarioa artxibategi horretan ote dagoen, hara joan behar du, eta han zuzenean galdetu, horrek dakartzan gastu eta eragozpen guztiekin. Eta behin hara joanda, erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke. Zuzenena izanen litzateke webgunean sumarioen zerrenda bat agertzea.

Zergatik horrenbeste oztopo, noiz-eta memoria historikoa behin eta berriro aldarrikatzen ari den garai batean?

Faktore asko daude. Nire ustez, lege babesa nahikoa ahula da, eta ikerlari askok ez dute nahi horrelako kontuetan sartu. Elkarte memorialistak ere ahulak dira; izan ere, gauzak aurrera ateratzeko ikerketa lan serio bat egin behar da, eta horrek denbora eta esfortzua eskatzen du. Sin piedad izeneko nire liburua dela eta, jende asko harritua gelditu zen, orduan ohartu baitzen zein krudel eta basatia izan zen errepresioa Nafarroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.