Legearen harlauza, informazio sekretua lurpean atxikitzeko

Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan, Aitor Estebanek zalantzan jarri du Espainian informazio klasifikatuen auziari heltzeko borondaterik ote dagoen.

gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko azaroaren 12a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira, jardunaldi batzuk antolatu ditu Bilbon Sabino Arana fundazioak, Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak, Franco hil eta 50 urtera izenburupean, memoria historikoa berreskuratzeko bidean, frankismoaren garaiko agiriak eta sekretupeko informazioa eskuratzeko zailtasunen inguruan. Hainbat ikerlarik eta historialarik parte hartu dute jardunaldietan, eta EAJren EBBko lehendakari Aitor Estebanek egin du hasierako hitzaldia: Espainiako Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ahaleginak izan ditu hizpide, eta auziari oratzeko «borondate falta» egotzi die Espainiako bi alderdi nagusiei, PSOEri eta PPri.

Estebanek gogorarazi du orain indarrean dagoen legea 1968koa dela, eta oztopo ugari jartzen dizkiola iragana egiaren bila arakatu nahi duten guztiei: ez du ezartzen agiriak klasifikatzeko edo desklasifikatzeko irizpide argirik, eragile askori ematen die agiriak sekretupean sailkatzeko ahalmena, ez du denbora mugarik jartzen, eta abar. «Are gehiago: agiri bat sekretu gisa sailkatzeko erabakia ere sekretua da; hortaz, gerta daiteke informazioren bat sekretua izatea inork jakin gabe».

«Sekretu ofizialen auziak estatu sakonari eragiten dio. Eta Espainian estatu sakona, egon, badago»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko lehendakaria

EAJ behin baino gehiagotan ahalegindu da lege hori erreformatzen: 2016an aurkeztu zuen proposamena estreinakoz Espainiako Kongresuan, eta, geroztik, beste bost aldiz aurkeztu du. Erantzuna berbera izan da beti: «Berba onak, eta ekintza okerrak». Normalean, proposamenari giltzarrapoa jartzeko modua antzekoa izan da: Kongresuko Mahaiak behin eta berriro luzatzen ditu proposamenari aldaketak egiteko epeak, agintaldia amaitzen den arte, eta, ondoren, agintaldi berrian hutsetik abiarazi behar da prozesu guztia.

Eta nondik dator agiri ofizialak sekretupean atxikitzen dituen legea aldatzeko EAJk duen tema hori? Estebanek esan duenez, arrazoia ez da auzi jakin baten inguruan gehiago jakin nahi izatea: «Nahiz eta, esaterako, gustatuko litzaigukeen ikustea Aldana tabernaren kontrako atentatuari buruzko agiriak». EBBko lehendakariaren ustez, «demokrazia» kontua da: «Oraingo legea ez da homologagarria demokrazia baten irizpideekin».

Bi proposamen

Gaur egun, bi proposamen daude aztergai Sekretu Ofizialen Legea erreformatu edo ordezkatzeko: EAJk aurkezturikoa, eta Espainiako Gobernuak onarturiko Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua. Estebanek uste du lege proiektuak aldaketa batzuk behar dituela, baina «lan egiteko oinarri bat» ematen duela, «horretarako borondaterik balego».

Horretan ikusten du Estebanek arazoa: borondatean, alegia. Esan duenez, ez da «ideologia» kontua, horretan PSOEk eta PPk berdin jokatu baitute orain arte, eta zenbait arrazoi eman ditu alderdi horien jarrera azaltzeko: «Alde batetik, nik uste dut ez dakitela benetan zer egon daitekeen agiri horietan, eta horregatik nahiago dute bazterrak ez nahastu; eta, beste aldetik, bietako batek ere ez du nahi arazoari irtenbide bat ematea bestearekin akordiorik egin gabe. Azken finean, biek ala biek badute gobernatzeko asmoa, eta badakite oso eroso zaiela horrelako tresna bat eduki ahal izatea».

Duela gutxi, JxC Junts Per Catalunyak iragarri zuen aurrerantzean ez dituela babestuko Espainiako Gobernuaren ekinbideak, baina Estebanek uste du hori ezin dela «aitzakiatzat» hartu: «Guk badakigu Juntsek ez lukeela arazo handirik izango EAJk aurkeztu duen proposamenari bide emateko». Arazoa, beraz, beste bat da: «Sekretu ofizialen auziak estatu sakonari eragiten dio. Eta Espainian estatu sakona, egon, badago».

Edonola ere, Estebanek uste du borondaterik egonez gero aukera dagoela EAJk aurkezturiko proposamena desblokeatzeko: «Nahi badute, posible da».

Tapia, fundazioko presidente berria

Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldietan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu ohia aritu da aurkezle, eta, bere hitzaldian azaldu duenez, hori izan da Sabino Arana fundazioko presidente gisa izan duen lehen eginkizuna. Izan ere, fundazioaren patronatuak bezperan izendatu zuen Tapia elkartearen buru, EBBk egindako proposamena aintzat hartuta. Bere hitzaldian, izendapenagatik eskerrak eman ditu Tapiak, eta balioetsi egin du azken bost urteotan fundazioko presidente izandakoaren lana, hau da, Mireia Zaraterena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.