Ikusgunek salatu du Bernedoko kasua transak «deshumanizatzeko» erabili dutela eskuin muturreko sektoreek eta TERF mugimenduak

Berrehun mezutik goiti aztertu ditu LGTBI behatokiak, eta ateratako ondorioak argitaratu. Ikusgunek iritzi dio, bertzeak bertze, kolektiboa olatu erreakzionario bati buru egin beharrean dela, eta feminismoa izan beharko duela oinarri horretarako.

 Euskal Udalekuak, Bernedon, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Euskal Udalekuak, Bernedon, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehertu, irailaren 25ean lehertu zen, baina lehendik ere hasi zen eltzea borborka. Bernedoko euskal udaleku transfeministak erreakzio anitz sortu ditu azken hilabetean, bai kalean eta bai sarean. Orain, jokabide guztiak batu eta analisi bat ondu du Ikusgune Gasteizko LGTBI behatokiak, lehen laginetatik hasi eta gaur egunera artekoak ikertuta. Halaxe ondorioztatu du, azkenerako: «Eskuin muturreko sektoreek eta transgorrotoaren edo TERF mugimenduek modu interesatuan edo koordinatuan erabiltzen dute kasua, trans kolektiboaren eskubideen atzerakada justifikatuko duen marko narratibo bat eraikitzeko», esplikatu dute txostenean. 

Ondorio horien oinarrira jotzeko, baina, hilabete baino gehiago egin behar da gibelera, eta horixe egin dute Ikusguneko kideek: «Berrehun mezu baino gehiago ikertu ditugu». Abuztuaren 27koa da lehen argitalpena, txostenean jasotzen denez. @denuncias_euskalherria Instagram kontuan ama baten testigantza argitaratu zuten, eta, hartan, alabak Bernedoko udalekuan izandako «esperientzia desatsegina» kontatu zuen. Amak kritikatu zuen udalekuetako hezitzaileek «soilik generoari» egiten ziotela erreferentzia, eta ez «errealitate biologiko edo sexualari». Kontu horretan bertan bertze artikulu bat argitaratu zuten bi egun geroago: bertze ama baten testigantza zen, eta erraten zuen alabak bizi izandakoa «onartezina» zela. 

Pixkanaka, hedabideetara ailegatu zen gaia, harik eta irailaren 25ean El Correo egunkariak berri gisa argitaratu zuen arte, gutun batez lagundua. Sareak biharamunean egin zuen eztanda, Ikusguneren txostenean jasotzen denez: «Udalekuak antolatzen zituen elkarteko pertsona bati buruzko aipamen esplizituak egiten hasi ziren, eta, ordutik aurrera, beste kontu pertsonal batzuen erabiltzaileak eta komunikabide batzuk pertsona horren izena eta irudia zabaltzen hasi ziren, eta, hala, lintxamendu publiko baten hasiera markatu». 

«Ustezko queer ideologia inposatzea leporatzen diote feminismoari, eta, bide batez, haurrak erabiltzen dituzte euren interes politikoaren zerbitzura, gurasoak beldurrarazita»

KLAUDIA UGARTE Ikusgune behatokiko kidea

Hain zuzen ere, lintxamendu hori «diskurtso transfoboetan, gorroto mezuetan eta adierazpen iraingarrietan» zetzan. Garbi dute, baina, Bernedokoa ez dela gertakari bakana, eta «koordinazio diskurtsibo eta sinboliko bat» dagoela haren gibelean. Hala esplikatu du Klaudia Ugarte (Gasteiz, 1997) Ikusgune elkarteko kideak: «Badago pertsona transen eskubideak ahultzeko estrategia bat, berdintasunaren eta aniztasunaren markoak desegiten saiatzen dena eta haurren ustezko babesaren eta defentsa moralaren izenean jokatzen duena». 

Halaber, ondorioztatu dute eskuin muturreko sektoreen eta TERF mugimenduen artean «artikulazio argia» dagoela, eta «ohikoa» dela eskuin muturrak transen kontrako mugimenduaren argudio sorta bera erabiltzea. «Genero ideologia, queerizazioa eta LGTBIQ+ kolektibo osoari leporatzen dizkioten delituak estrategia baten parte dira, eta helburu bera dute denek: pertsonak deshumanizatzea eta gure proiektu eta baliabideen izena zikintzea», erran du Ugartek. 

Beldurra eta desinformazioa

Helburu horiek lortzeko zer tresneria darabilten ere adierazi dute ikerketan, gainera: beldurrean eta desinformazioan oinarritutako kontakizun bat eraikitzen dute, Ugarteren erranetan. «Ustezko queer ideologia inposatzea leporatzen diote feminismoari, eta, bide batez, haurrak erabiltzen dituzte euren interes politikoaren zerbitzura, gurasoak beldurrarazita». Hots, salatu du «haurrak babesteko aitzakian» Bernedoko kasua probestu dutela LGTBI kolektiboari «pedofilia eta pederastia» leporatzeko. Finean, uste du bai eskuin muturra eta bai TERF mugimendua haurrak erabiltzen ari direla «indarkeriari zilegi itxura emateko». 

Alta, badago «gorroto kanpaina» horren guztiaren aurka aplikatu litekeen legerik, baina Ugartek ez du uste bide penala denik horretarako «modurik eraginkorrena». Bertzelakoa baita haien nahia: «Guk jendartea eraldatu nahi dugu: gure helburua anbiziotsuagoa da». Ugartek erran du bide juridikoa aplikatzeak gertatutakoa «indibidualizatzen» duela, eta sinetsita dago arazoa ez dela «norbanako batzuena», baizik eta «gorrotoa bultzatzen duen sistema oso batena». Sistemak bi kolektibo ditu jopuntuan, behatokiaren arabera: LGTBI kolektiboa eta pertsona transak. 

«Zenbait babesgune sortu ditugu, baina ezin dugu ahaztu arau zisheteropatriarkal baten barruan bizi garela halere, eta horri aurre egiten saiatzen garela une oro eta toki guztietan; horrexegatik sortzen ditugu babesguneak»

KLAUDIA UGARTE Ikusgune behatokiko kidea

Ikusgunek sistema oso bat salatu duen moduan, eskuin muturreko eragileek eta TERF mugimenduek ere kolektibo oso bat kritikatu dute, ikerketan ondorioztatu dutenez. «Jopuntuan dagoena ez da pertsona jakin bat, baizik eta kolektibo oso bat». Hain justu, Bernedoko kasuan, «pertsona ezagun bat» jarri dute erdigunean, eta hari bidali dizkiote gorroto mezuak. Ugarte: «Haren irudia eta izen-abizenak zabaldu, eta hari leporatu diote udalekuetan gertatutako guztia». Horren arrazoiak, Ikusguneren arabera, bi dira, nagusiki. Bat: «Pertsona horrek genero espresio ez-normatibo bat izatea». Eta bi: «Pertsona ezagun bat eta transfeminismoaren erreferenteetako bat izatea». Ugartek salatu du mehatxu gisako bat dela kanpaina horren gibelean dagoena: «Zera esan nahiko baligute bezala: ‘Begira, honetan baldin bazabiltza, hau gerta dakizuke’. Eta ez da soilik pertsona bati edo kasu jakin bati lotutako kontua». 

Sareetan, egun, apaldu egin da egoera, baina Euskal Udalekuetako hezitzaileen inguruko mezuak ez dira arindu, ezta isildu ere, Ugartek esplikatu duenez. Eskailera baten moduan irudikatu du gorrotoa zabaltzeko kanpaina hori dena: lehen mailan, sare sozialetako gorroto mezuak; bigarrenean, kalera egindako jauzia; hirugarrenean, diskriminazioa, eta laugarrenean, berriz, jipoia. «Aztertu ditugun mezuak lehen mailakoak direla ondorioztatu badugu ere, azken egunetan maila bat igo dute eskaileran, eta, gelditu ezean, honek aurrera egingo du». Kezkati agertu da horrengatik, eta beldur da zerbait egiten ez bada «egoera larriagotu» eginen ote den. 

Babesguneak

Baina auzi batek beti dauzka bi alde: 137 familia agertu dira hezitzaileen alde, baita 70 talde feminista baino gehiago ere. Sare oso bat ari da komunitatea babesten, eta, hala ere, «beldurra» gailentzen da adierazpenak egiteko orduan. Zergatik? Bada, erantzuna argi dauka Ugartek: «Zenbait babesgune sortu ditugu, baina ezin dugu ahaztu arau zisheteropatriarkal baten barruan bizi garela halere, eta horri aurre egiten saiatzen garela une oro eta toki guztietan; horrexegatik sortzen ditugu babesguneak». 

Badakite, gainera, zein den ezinbertzeko baldintza gune horietan irauteko: zaintza. Ugarteren irudiko, behar-beharrezkoa da zaintza eremu militantera eramatea, «batez ere aurpegia eta gorputza jartzen ditugunean gorrotoaren aurka». 

Jakinda ere arau zisheteropatriarkalaren eragina indarrean dela, Ugartek argi du ez diotela amore emanen. Aitzitik, azaldu du «eskubide gehiago» lortzea dela kolektiboaren helburua, eta horretan jarri dutela iparrorratza: olatu erreakzionarioari «aurre» egiteko bidean. Feminismotik abiatuta eginen dute hori, Ugartek erran duenez: «Ortzi mugan feminismoa ikusten dugu: feminismo antirrazista, dekoloniala, antikapitalista eta antikapazitista. Gizarteak transfeminismo gehiago behar du, hori baita jarrera antifaxista, iraultzailea eta eraldatzailea izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.