Iluntzean hasiko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina, aspaldi handiko kanpainarik ezohikoena: berez, bozak apirilaren 5ean egitekoak ziren, baina atzeratu egin behar izan zituzten COVID-19aren izurriteak ekarritako alarma egoeraren ondorioz, eta herritarrak hauteskundeetara iritsiko dira aste luzeak itxialdian eman ostean, eta pandemiaren bilakaeraz eta horrek ekarriko duen krisi ekonomiko eta sozialaz oraindik ere zalantza eta ziurgabetasun handiak daudenean.
EAJk Euskadi zutik leloa aukeratu du kanpainarako, eta krisiari erantzun irmoa emateko egokitasunaz jardungo du. Gaur aurkeztu duen bideoan, «herri hau martxan jarri zutenak eta koronabirusaren krisian okerren daudenak» gogoan hartu nahi izan ditu. Gernikan (Bizkaia) egingo du lehen ekitaldia, Leixuri Arrizabalaga, Bakartxo Tejeria, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullurekin.
EH Bilduk Gasteizen ekingo dio kanpainari, eta lehen ekitaldian Mikel Otero, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte izango dira hizlari. Egiteko prest da kanpainaren goiburua. Goizean egindako ekitaldian, Iriartek erronka jo dio Urkulluri, eta publikoki eztabaidatzera dei egin dio, «EAJren errezeta zaharrak eta EH Bilduren erantzun berriak alderatzeko».
Elkarrekin Podemos koalizioa ere Gasteizen egongo da kanpainaren hasieran, Miren Gorrotxategi, Pilar Garrido eta Isabel Saludekin. Gobernatzeko prest da haien leloa. PSE-EErena, berriz, Erantzunak da. Bilbon egingo dute lehen ekitaldia, eta, Idoia Mendia, Eneko Andueza eta Gloria Sanchez hautagaiez gain, Espainiako Gobernuko lehendakariorde Carmen Calvo ere hizlari arituko da. Espainiako Gobernuko kide ugari etorriko dira PSE-EEri kanpainan sostengua ematera: bihar Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Portugaleten (Bizkaia) egongo da, eta igandean, berriz, Pedro Sanchez gobernuburua Donostian izango da.
PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira, Etorkizunerako plana lelopean, eta, gaur arratsaldean Gasteizen egingo duten lehen ekitaldian, Carlos Iturgaiz, Carmelo Barrio, Muriel Larrea eta Luis Gordillo egongo dira.