Iñaki Bilbao euskal presoa erietxera eraman dute

43 egun daramatza gose greban, eta, AEMren arabera, bere borondatearen aurka ari zaizkio elikagaiak ematen

Bilbaoren egoera salatzeko manifestazio bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
LEZAMA. Irailaren 9az geroztik gose greba mugagabean dago Iñaki Bilbao euskal presoa, eta herenegun ospitalera eraman zuten, bart arratsean AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez. Haren esanetan, ospitalean zaintzapean daukate, eta bere borondatearen aurka elikagaiak ematen ari zaizkio. Puerto III espetxean dago preso Bilbao, Puerto de Santamarian, Andaluzian; Lezama jaioterritik (Bizkaia) ia mila kilometrora, hain zuzen ere.

«Independentziaren eta sozialismoaren alde» hasi zuen gose greba Bilbaok, eta, elikagaiei ez ezik, uko egin dio komunikazioak izateari ere. Orain baino lehen ere eraman dute ospitalera presoa; AEMren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz eraman zuten, eta ondoren espetxera itzuli zuten berriro. Bilbao jasaten ari den tratua salatu du AEMk.

Larunbat iluntzean manifestazioa egitekoa dute Donostian, AEMk deituta: 19:00etan abiatuko dira, Bulebarretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.