Iñaki Bilbao presoak gose greba utzi duela jakinarazi du AEMk

gotzon hermosilla
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal presoak eten egin du joan den irail hasieratik egin duen gose greba. 50 egunez eutsi dio protestaldiari; azken egunetan Puerto de Santa Mariako erietxean (Andaluzia, Espainia) eduki dute, eta, AEMk nabarmendu duenez, bere borondatearen kontra elikatu dute zunda baten bidez. Atzo erietxetik espetxeko eritegira eraman zuten presoa, eta han zegoela erabaki zuen protesta bertan behera uztea. Jogurt bat eta zopa apur bat hartu zituen. Komunikazio greba ere etetea erabaki du.

AEMk esandakoaren arabera, Bilbaorekin hitz egiterik izan zuten gertukoek adierazi dute presoa «ahul» sumatu dutela, baina «tinko eta buruargi», era berean. Jakinarazi dutenez, Bilbaok azaldu zien gose eta komunikazio greba utziagatik ere borroka ez dela «amaitu».

Irailaren 9an ekin zion Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal presoak gose eta komunikazio grebari, «independentzia eta sozialismoaren alde». Geroztik, hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian presoari elkartasuna adierazteko, eta biharko ere manifestazio eta elkarretaratzeetara deitua zuen AEMk. Presoak protestaldia eten duen arren, eutsi egingo diete protestei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.