Iñaki Errazkin izango da Gipuzkoako Ingurumen diputatu berria

Martin Garitanok adierazi du hondakinak kudeatzeko estrategia «gertutik» ezagutzen duelako hautatu dutela

Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak erabaki du nor izango den Ingurumen diputatu berria: Iñaki Errazkinek hartuko du kargua; orain arte, ahaldun nagusiaren kabinete burua izan da. Juan Carlos Alduntzin ordezkatuko du Errazkinek; duela bi aste kendu zuten Alduntzin kargutik,haren aurka oposizioko hiru alderdik —EAJk, PSEk eta PPk— aurkeztutako zentsura mozioa onartu zutelako Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Joan den asteartean, Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak adierazi zuen Haritz Salaberriak hartuko zuela Alduntzinen kargua. Azkenean Errazkin aukeratu dutela jakinarazi du Garitanok: «Aukerak aztertu ostean, Errazkinen aldeko apustua egin dugu, hiri hondakinen kudeaketan ibilbide luzea eta esperientzia handia dituelako». Errazkinek hondakinak kudeatzeko estrategia «gertutik» ezagutzen duela adierazi du Garitanok. «Karguak aldatu arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako planak ez du aldaketarik izango». Are gehiago, adierazi du oraingo planak «hobetu, zuzendu eta egokitu» egingo duela egun indarrean dagoena, eta konponbide «ekonomikoago eta ekologikoago bat» ematen duela.

PSE-EEk ezkor hartu du kargu aldaketa: Bilduk ez du ulertu Batzar Nagusien mezua, haren arabera. EAJk, berriz, indarrean dagoen kudeaketa plana«errespetatzeko» eskatu dio Errazkini.

Errausketaren aurka, protesta

Olatzagutian (Nafarroa) hondakinak erraustearen aurkako protesta bat egingo dute gaur; herri horretan bertan egingo dute manifestazioa, 19:00etan. 3 Mugak Batera plataformak egin du deialdia.

Olatzagutiko Portland zementu fabrikak hondakinak erretzeko proiektu bat du martxan. Orain dela bi aste, Nafarroako Gobernuak udalaz gaindiko sektore plan izendatu zuen proiektua, inbertsio ekonomikoak egiteko bidea irekiz. Aurrera jarraitzeko behar zuen bultzada jaso du proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.