Iñaki Goioagaren kontrako jazarpena salatu dute abokatuek

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok Auzitegi Gorenari eskatu dio Iñaki Goioaga abokatu eta Amaiurrek Espainiako Senatuan duen ordezkaria inputatzeko. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalean lan egin ohi duten euskal abokatuek Goioagaren kontrako jazarpena salatu dute, eta adierazi dute Auzitegi Nazionalaren jokabidea agerian utzi duten abokatuen lana oztopatzea dela jazarpen horren helburua.

«Goioagaren kontra egiten dute bera delako, euskal presoak defendatzen dituen abokatu bat delako eta senataria delako», esan du Jone Goirizelaia abokatuak.

Joan den urtarrilean abokatuen kontra egindako polizia operazioa da Velascoren eskaeraren abiapuntua. Goirizelaiak azaldu duenez, epaileak orain aurkeztu duen idazkia Guardia Zibilaren txostenetan oinarritzen da, baina ez du «froga bakar bat» ere aurkezten Goioagari delituren bat egotzi ahal izateko.

Iñaki Goioagak adierazi du Velascoren idazkiak ez duela ezustean harrapatu eta halako zerbait espero zuela. «Bultzada politikoa» ikusten du horren atzean: «Gatazka konpontzeko Espainiako Barne Ministerioaren ildoarekin bat ez datozen planteamendu guztiak kriminalizatzen saiatzen dira». Auzitegi Gorenak hala eskatuko balio haren aurrean agertzeko arazorik ez duela esan du, ez baitu «ezer ezkutatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.