Inbestiduran soilik babestuko du Bilduk Xabier Agirre

PSEk iragarri du PPko hautagaiak babestuko dituela Gasteizko Udalean eta Arabako Biltzar Nagusietan

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilduk Xabier Agirre EAJko hautagaiari Arabako ahaldun nagusi izateko emandako babesa «inbestiduran hasi eta amaituko da», koalizioko kideek atzo ohartarazi zutenez.Hala ere, babes horretatik harago, jeltzaleekin unean uneko akordioak lortzeko prest azaldu da Bildu, beti ere, euskaran, udal finantzaketan, zerga erreforman, Trebiñun, ingurumenean eta feminismoan aurrera jotzeko bada.

Joan den astean Bilduk Arabako Foru Aldundian PPren gobernu bat saihestu nahi duela iragarri izanak sortutako «iskanbilaren» ondoren, koalizioak hausnarketa egin du kazetarien aurrean. Bildurentzat «argigarria» izan da oso PPk PSE-EEri eta EAJri aldaketa politikoa eragozteko egindako deia: «Jarrera hori berrestera dator gatazka politikoaren konponbidea oztopatu nahi duten indarrak alboratzeko dugun erantzukizuna», adierazi du Itziar Amestoik.

Bilduren ustez, hauteskundeetan Arabako gizarteak EAJri eskatu dio «behingoz alde batera» jo dezala, eta, Madrilera begiratu beharrean, Euskal Herrirantz begiratzen has dadila, «ziklo politiko berria bermatuko duen aldaketaren aldeko apustua eginez». Hori horrela, Amestoik argi utzi du, koalizioak EAJko hautagaia babestuko badu ere, kritikoa delaoso azken lau urteetan jeltzaleek aldundian egindako kudeaketarekin.

Horretarako, Arabako gizartearen aurrean «EAJren mozorroa» kenaraziko duen proposamen zerrenda bat mahai gaineratuko duela jakinarazi du Bilduko kideak. Proposamen horiek aldaketa politiko eta sozialaren aldekoak izango direla azaldu du. «Bilduren 11 batzarkideak EAJren kudeaketa eta diputazioaren ildo politikoa aldatzen hasteko bermea izango dira».

Nolanahi ere, oraingoz Bilduk EAJko hautagaiari emango dion babesak ez du bermatzen Xabier Agirre izatea ahaldun nagusia, EAJren eta Bilduren artean 24 batzarkide batzen dituztelako, PSE-EE eta PPren batuketa baino bat gutxiago. Hortaz, EBren bi batzarkideen esku egongo da erabakia.

Atzo, gainera, Espainiako Hauteskunde Batzordeak atzera bota zuen EAJk Erriberabeitiako hauteskunde emaitzak baliogabetzeko jarritako helegitea. Botoetan irregulartasunak salatu zituen EAJk, eta PSE-EEri egokitutako batzarkide bat berarentzat aldarrikatu zuen. Auzitegien bidea bakarrik geratzen zaio EAJri.

PPri babesa

Atzo Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu zuen Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean PPren hautagaien alde egingo duela PSE-EEk.

Gasteizko Udalean Javier Maroto alkatetzarako babesten badute, gehiengo osoa izango du PPren hautagaiak; baina Araban ez. Hori dela eta, PPkoak elkarrizketa saioa egiten ari dira bestelako babesak lortzeko.

Aresek berretsi du EAJrekin erakunde guztietara zabaldutako akordioa egitea nahi duela PSE-EEk, Bilduk goberna ez dezan.Eta jeltzaleei ohartarazi die«akordio globala» nahi ez badute, apurtu egingo direla bi alderdien arteko negoziazioak. PSE-EEren jarrera «argia» dela esan du Aresek, eta EAJk hartuko duen erabakiaren zain daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.