Tere Saez. Berdintasun teknikaria

«Indarkeria bikarioak bizi osoko zigorra eragiten die emakumeei»

Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako ekintzaile feminista historikoa da Tere Saez. 1975ean hasi zen mugimenduan militatzen, eta Astelehen Lilak taldearen sortzaileetako bat da. Lizarrako Berdintasun teknikari izan da urteetan, eta gertutik ezagutu du Urbasako hilketa matxistaren kasua.

Ikusi gehiago:Urbasako hilketa bortxa bikarioa dela salatu dute ehunka lagunek

Berdintasun Ministerioak onartu du Urbasakoa hilketa matxista izan daitekeela.

Denok genekiena berretsi du erabaki horrek. Ikusi besterik ez dago noraino joan zen gizona semearekin, non amildu ziren eta noiz gertatu zen: amaren urtebetetze egunean. Oso argi dago: dibortzioa onartu ez, eta muturreko sufrimendua eragin nahi izan zion. Indarkeria bikarioaren definizio perfektua da.

Zeintzuk dira indarkeria bikarioaren ezaugarriak?

Emakumeari neurririk gabeko sufrimendu bat eragin nahi izatea. Bortxa matxistaren mota krudelena da: bizi osorako kondena bat ezartzen dio. Indarkeria bikarioaren biktimak ez dira sekula osatzen. Nola gaindituko du dolu hori? Nola ez da errudun sentituko? Ordura arte hartu dituen erabaki guztiak auzitan jarriko ditu, eta pentsatuko du bere errua dela.

Zer egin behar luke administrazioak orain?

Biktimari doluminak emateaz harago, beharrezko dituen baliabide guztiak eta arreta psikologiko osoa eman beharko lizkieke, batetik, semea galdu berri duen ama horri, eta, bestetik, hilketa matxistak apurtutako bi familiei. Eta ez orain soilik: behar bezainbeste denboraz. Baliabide publikoak ezinbestekoak dira.

Ardurak eskatu behar direla esan du Lizarrako Mugimendu Feministak. Bat zatoz?

Erabat. Izugarria iruditzen zait seme-alabak bere ardurapean hartzeko gai ez den gizon bati zaintza ematea. Kasu honetan, gainera, baziren zantzu batzuk, bi urteko banaketa prozesu gatazkatsu baten ostean. Erantzukizuna, jakina, ez da emazte ohiarena: egoera hau baimendu eta normaltzat jo duen administrazioarena baizik.

Zergatik gertatzen dira halakoak, zure ustez?

Orain arte indarkeria bikarioari ez ikusi egin zaiolako, oro har. Askok ukatu egiten dute oraindik, eta bortxa mota hori salatu duten emakumeak gutxiesteko joera dago: haurrak gehiegi babesten dituztela, esajeratuak eta histerikoak direla, senarraren bizitza hondatu nahi dutela eta seme-alabak kendu nahi dizkietela... Denetarik esan izan zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.