Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eskaerak ugaritu egin dira Araban azken urteetan. 2021ean, Arabako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuek 34 familia artatu zituzten. 2025ean, berriz, 83 izan ziren, %144ko emendatzea, alegia. Igoera horren aurrean, aldundiak aurreikusitako baliabideen lizitazioa «ez da nahikoa», ESK sindikatuaren arabera. Izan ere, aldundiak abuztuan lizitatu zuen biktima horientzako Berehalako Arreta Zentroak zortzi familientzako edukiera du soilik. Erabaki horren aurrean, lizitazioa bertan behera uzteko eta hitz emandako bigarren zentroa irekitzeko exijitu dio ESKk aldundiari.
Egonaldi laburretarako baliabidea da Berehalako Arreta Zentroa, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ahalik eta lasterren artatzea du helburu, haien premiak zehaztu eta baliabide egokienera bideratzeko. «Emakumeak beren seme-alabekin batera iristen dira, beldurra, ziurgabetasuna eta zaurgarritasun berezia duten uneetan», eta, egoera horri aurre egiteko, zerbitzuko langileak aspalditik daude baliabide gehiagoren beharrean. Egun, zerbitzuak batez beste 24 pertsona artatzen ditu egunero.
«Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako foru diputatuak sarri onartu du plazak handitzeko premia, eta 2024an lau familiarentzako beste zentro bat iragarri zuen», oroitarazi du sindikatuak. Hala ere, konpromiso hori 2025eko eta 2026ko aurrekontuetan jasota egonagatik, gauzatu ez izana deitoratu du ESKk. Indarkeria matxistaren biktimentzako beren-beregi prestaturiko plazak eskaini ordez, «bizitoki alternatibo soilak» eskaintzea kritikatu du. Azken lizitazioarekin ados ez, eta errekurtsoa aurkeztu zuen sindikatuak. Ondorioz, lizitazioa etenda geratu da, behin-behinean.
«Indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arreta ezin da sabaia bermatzera mugatu: segurtasuna, babesa, presentzia profesionala eta laguntza bermatu behar ditu gehien behar denean», adierazi du sindikatuak. Hain zuzen ere, BAZ bezalako baliabideek bermatzen dute arreta oso hori; ez, ordea, bizitoki alternatibo soilik, horietan ez baitago biktimak artatzeko langile espezializaturik. Hortaz, beste zentro horren irekieraz gain, «aurrekontua handitzea, egoitza-plaza babestuak eta 24 orduko presentzia profesional espezializatua» eskatu du ESKk, indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arreta egokia bermatzeko.

