Joan den legedian, Eusko Legebiltzarra zaintza partekatuaren 2015eko legea berrikusten hasi zen, EH Bilduk proposatuta, baina hauteskundeetara deitu zuten eta bertan behera geratu zen tramitazioa. Orain, ekinbidea berriro hartu du koalizioak, eta gaur eraman du legebiltzarreko osoko bilkurara; ia talde guztien babesarekin onartu dute. Funtsean, EH Bilduren lege proposamenak helburu nagusi bat du: bortxa matxistagatik auzipetuta dauden gurasoei seme-alaben zaintza partekatua ukatzea.
Egun indarrean dagoen legearen arabera, zaintza partekaturako eskubidea soilik ukatuko zaie indarkeria matxistagatik «sententzia irmoa» duten gurasoei, edo, gutxienean ere, epaileak biolentzia mota horren «zantzu sendoak» argudiatzen dituenean. Baina EH Bilduk proposatu duen lege erreformaren helburua da horrelakorik gabe ere neurriak hartzea.
Testua birmoldatzeko arrazoiak sobera daudela argudiatu du EH Bilduk lege proposamenaren azalpenean: «Hainbat azterketak diote indarkeria matxistagatik emakumearengandik aldentzeko agindua jaso duten gizonezkoan %97k epailearen aldetik haurren bisita erregimena onartu dutela, eta hainbat kasutan zaintza partekatua ere bai». Gogorazi du, halaber, hainbat erakundek ohartarazi dutela halako egoeretan adingabeek «babes falta» izaten dutela askotan. Horren ondorio larriak aipatu ditu EH Bilduk: «Ezin dugu inola ere onartu azkenaldian adingabeen aurrean jazotako emakumeen erailketa, adin txikikoen erailketa edo haurrei egin zaien jazarpen sexual edo psikologiko larriak bezalako kasurik berriz gertatzerik».
Gaurko eztabaidan, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du lege erreformaren inguruan joan den legealdian egindako ekarpenak «elkarlan feministatik» egin zirela, eta horiek balio handia dutela aurrera begira ere. Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek nabarmendu du gurasoen banaketa edo haustura batean haurren «interes gorena» erdigunean jarri behar dela. PSE-EEtik, Miren Gallastegik azpimarratu zuen haurrak ere indarkeria matxistaren biktima direla eta haiek babestea ezinbestekoa dela. EAJtik Leixuri Agirrezabalak aipatu du lege erreformari «begirada feminista» bat ematea ezinbestekoa dela. PPtik Laura Garridok esan du lege proposamenarekin ados egonda ere, «hobetu» behar dela. Aurkako botoa eman du Voxek, argudiatuta biolentziak ez duela generorik.