Indarkeria matxistaren aurkako Gasteizko arreta zentroak «gabezia handiak» dituela salatu du ESKk

Zerbitzuaren erabiltzaile kopurua %144 haziagatik, aldundiak abuztuan lizitaturiko Berehalako Arreta Zentroak soilik zortzi familiarentzako tokia aurreikusten du. ESKk «konpromisoak» betetzeko eskatu dio aldundiari.

ESK sindikatuaren agerraldia, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoan, Gasteizen. ESK
ESK sindikatuaren agerraldia, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoan, artxiboko irudi batean. ESK
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 19a
11:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eskaerak ugaritu egin dira Araban azken urteetan. 2021ean, Arabako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuek 34 familia artatu zituzten. 2025ean, berriz, 83 izan ziren, %144ko emendatzea, alegia. Igoera horren aurrean, aldundiak aurreikusitako baliabideen lizitazioa «ez da nahikoa», ESK sindikatuaren arabera. Izan ere, aldundiak abuztuan lizitatu zuen biktima horientzako Berehalako Arreta Zentroak zortzi familiarentzako tokia du soilik. Erabaki horren berri izanda, lizitazioa bertan behera uzteko eta hitzemandako bigarren zentroa irekitzeko exijitu dio ESKk aldundiari. 

Egonaldi laburretarako baliabidea da Berehalako Arreta Zentroa, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ahalik eta lasterren artatzea du helburu, haien premiak zehaztu eta baliabide egokienera bideratzeko. «Emakumeak seme-alabekin batera iristen dira, beldurra, ziurgabetasuna eta zaurgarritasun berezia duten uneetan», eta, egoera horri aurre egiteko, zerbitzuko langileak aspalditik daude baliabide gehiagoren beharrean. Gaur egun, zerbitzuak batez beste 24 pertsona artatzen ditu egunero. 

«Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako foru diputatuak sarri onartu du plazak handitzeko premia dagoela, eta 2024an lau familiarentzako beste zentro bat iragarri zuen», oroitarazi du sindikatuak. Hala ere, konpromiso hori 2025eko eta 2026ko aurrekontuetan jasota egonagatik, gauzatu ez izana deitoratu du ESKk. Indarkeria matxistaren biktimentzako beren-beregi prestaturiko plazak eskaini ordez «bizitoki alternatibo soilak» eskaintzea kritikatu du. Azken lizitazioarekin ados ez, eta errekurtsoa aurkeztu zuen sindikatuak. Ondorioz, lizitazioa etenda geratu da, behin-behinean. 

«Indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arreta ezin da mugatu sabaia bermatzera: segurtasuna, babesa, presentzia profesionala eta laguntza bermatu behar ditu gehien behar denean», adierazi du sindikatuak. Hain zuzen ere, BAZ bezalako baliabideek bermatzen dute arreta oso hori; ez, ordea, bizitoki alternatibo soilek, halakoetan ez baitago biktimak artatzeko langile espezializaturik. Hortaz, beste zentro hori irekitzeaz gain, «aurrekontua handitzea, egoitza plaza babestuak jartzea eta 24 orduko presentzia profesional espezializatua bermatzea» eskatu du ESKk, indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arreta egokia bermatzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA