Autodefentsa feministaren jarduna eremu birtualera hedatu du Rebeca Paz aktibista eta hacker feministak (Madril, 1984). Indarkeria matxistei eta teknologiei buruzko jardunak uztartuta, autodefentsa digital feministari buruzko ikastaro bat eman du berriki Bilbon, La Sinsorga kulturgune feministak eta InteRed elkarteak teknologien erabilera kritiko eta seguruari buruz martxan duten egitasmo baten barruan. Bortizkeria digitalak hedatzen ari diren arren, norbere burua zaintzeko moduak badirela nabarmendu du.
Zer ezaugarri ditu indarkeria matxisten parte digitalak?
Batik bat biralitatea eta inpaktua dira ezaugarri berezienak. Niri kalean «puta» esaten badidate, une bateko indarkeria ekintza bat da. Baina sareen bidez gertatzen bada, agian meme bat egin eta talde batera bidaliko dute, eta hor daudenek beste talde batera, eta lau kliken ostean, nire aurkako mezu hori askoz jende gehiagorengana iritsiko da. Eta indarkeria jasateari uzteko ez dit balio izango nire dispositiboa itzaltzea, zeren eduki hori zabaltzen eta ikusten duten bakoitzean ni biktimizatu egingo bainaute. Beraz, irismena eta inpaktua askoz handiagoa da.
Indarkeria matxistaren luzapena dira haren molde digitalak?
Bai. Indarkeria matxista digitalak betiko indarkeria matxistak dira, baina beste eremu batzuetan gertatzen dira. Gure gizartean ez dugunez gainditu sexu indarkeria, esfera birtualean edo teknologiaren bidez ditugun erlazioetan ere sexu indarkeria agertzen da. Zer dira, adibidez, zakilen argazkiak? Garai batean autobusean edo parkean zakila erakusten zizun gizonak orain berdina egiten du zure emailean edo sareetan; eta hori sexu jazarpena da, helburu du zu lotsaraztea, deseroso edo lekuz kanpo sentiaraztea, bestearen boterea gailentzea... Hau da, indarkeria matxistek eremu eta forma berriak aurkitu dituzte. Horrek esan nahi du guk tresna berriak pentsatu behar ditugula. Baina betiko kaka da, eta hori gainditzeko betiko kaka gainditu behar dugu.
«Indarkeria matxista digitalak betiko indarkeria matxistak dira, baina beste eremu batzuetan gertatzen dira»
Zein dira forma ohikoenak?
Umiltzeko modu asko daude: meme matxistak eta LGTBIfobikoak, gorroto mezuak, bikote harremanetako kontrola, sexpreading-a edo eduki intimoa onespenik gabe zabaltzea... Dena den, azken aldian oso kezkatuta nago indarkeria estetikoarekin: plataformetako algoritmoek saritu egiten dituzte, ikusgaitasun gehiago emanez, pertsona eder, eurozentriko edota argalen edukiak.
Eta akaso plataforma horiek ez dira itxuraz beste batzuk bezain kaltegarriak, baina adituak hasiak dira ohartarazten, adibidez, Instagram antsietate handia eragiten ari zaiela gazteei, itxura fisikoari lotuta.
Eskuko telefono bat dutenetik —kasu batzuetan, oso gaztetatik— bonbardatzen ari baitzaizkie horrelako edukiekin. Neska batzuk oso gazte hasten dira skincare kontuak edo ebakuntza estetikoak ikusten. Edo norbere irudiei filtroak jartzen dizkiete oso txikitatik, eta gero kostatu egiten zaie euren aurpegia onartzea filtrorik gabe. Gauza asko gertatzen ari dira hor. Nire ustez, indarkeria estetiko horiek sinbolikoak dira, eta bereziki eragiten diete emakumeei, disidentziei, pertsona arrazializatuei, gorputz normatiborik ez dutenei, aniztasun funtzionala dutenei... Edertasun kanonen begirada normalizatu nahi baitute.
Zein erantzukizun dute plataformek?
Handia: euren produktuak toxikoak dira diseinutik. Plataforma handiak ideologia kapitalista eta faxistetan mugitzen dira. Beraz, gorroto diskurtsoak eta indarkeria digitalak gertatzen direnean, ez daukate inolako interesik halako dinamikak geldiarazteko; are, polemikek, erasoek, gauza amorragarriek klik pila bat eragiten dituzte, plataformen barruan mantentzen gaituzte, eta horregatik elikatzen dituzte algoritmoek. Baina hori guztia arautzeko ahalmena duten instituzioek ere badute ardura: ez dira ezer egiten ari indarkeria digitalak eragozteko.
«Produktuek seguruak izan beharko lukete diseinutik, eta ez toxikoak»
Nola arautuko zenuke eremu hori?
Uste dut produktuek seguruak izan beharko luketela diseinutik, eta ez toxikoak. Eta hor amesten has gaitezke feministok. Indarkeria geldiarazteko mekanismoak egon behar dira, benetakoak: eduki biolentoak eta fake news-ak salatzeko, horiek azkar eta eraginkortasunez erretiratzeko, biralitatea eteteko... Dena den, ez dakigu oso ondo nola arautu eremu birtuala, baina apurka baditugu espazio batzuk nahi dugun horretara hurbiltzen direnak. Adibidez, fedibertsoa: sare sozial deszentralizatuak, arau komunitarioak, edukiak kronologia baten arabera erakustea eta ez algoritmoaren arabera... Halakoek funtzionatzen dute, nahiz eta ez diren hain ospetsuak.
Garrantzi gutxiago ematen zaio indarkeria digitalari, eremu birtualean gertatzen delako?
Bai, baina indarkeria digitala oso erreala da: ondorio psikologiko, fisiko eta sozialak ditu. Zure nagusiaren posta elektroniko bat jasotzen baduzu esanez karguz igoko zaituela, poztuko zara eta ospatuko duzu. Aldiz, lankide baten mezu elektroniko bat jasotzen baduzu esanez zure argazki batzuk dituela eta gainerako lankideen artean zabalduko dituela, horrek larrimina eragingo dizu, agian gaixo baimen bat hartuko duzu edo lana utziko duzu. Zure bizitzan inpaktu errealak izango ditu: izan antsietatea, izan insomnioa, izan espazioetatik egoztea. Izan ere, eskuko telefonoen bidez erlazionatzen gara egunero: ligatzen dugu, lan egiten dugu, larrutan egiten dugu, lagunak egiten ditugu... Gure bizitzaren parte dira, eta hor gertatzen dena erreala da.
Autodefentsa digital feministaren inguruko tailerrak ematen dituzu. Nola birdefinitu duzu autodefentsa feminista kontzeptua eremu birtualean, kontuan izanda erasotzailea askotan ez dela fisikoki alboan egongo?
Autodefentsa feminista ez da bakarrik ukabilkada bat ematen jakitea. Lotuta dago tresna emozional eta jarrera batzuk edukitzearekin. Autodefentsa feministak irakasten du norbere eskubideez jabetzen: leku batean egoteko eskubidea, ezetz esatekoa... Hori guztia ukabilkada bat eman aurretik dator: mugak jartzean datza, zuregana doan tipo bati begiradaren bidez adieraztean ez dadila gehiago hurbildu. Bada, autodefentsa digital feministan ere horrelako tresnak izan behar ditugu, erasoa gertatu aurretikoak. Oinarri politikoa eta jarrera autodefentsa feministatik datoz, helburua baita tresna kolektiboak sortzea, indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea dugulako, baita espazio digitaletan ere. Hortik abiatuta, espazio digital horiek ezagutu behar dira, eta aztertu nola gertatzen ari diren hor indarkeriak, pentsatu ahal izateko zein estrategia hartu, espaziootan seguruago ibiltzeko, edo gure espazio digital propio feministak sortzeko. Hacklab feminista gutxi dago, eta autodefentsa digital feministaren estrategiak pentsatzeko leku egokiak lirateke.
«Beldur egoeretan, nik lagunak aldarrikatzen ditut: emakumeok eta disidentziok oso ondo dakigu sareak ehuntzen eta komunitatea egiten»
Eremu digitaleko erasotzaileak batzuetan ezezagunak dira, eta horrek beldur handiagoa eragiten du...
Bai. Indarkeria matxista digitalen beste ezaugarri bat da: anonimotasun eta zigorgabetasun sentsazioa ematen du —nahiz eta segurtasun indarrek moduak dituzten erasotzaileak identifikatzeko, baina ez da nahikoa egiten haien aurka—. Biktimei ere beldur handia eragiten die ez jakiteak noraino hel daitekeen erasotzailea, eta horrek zaildu egiten du arriskua neurtzea, eta beraz, zaintza estrategiak diseinatzea. Baina, era berean, beldurra alarma oso garrantzitsu bat da; paralisia ere ekar dezake, baina nik uste dut zaintzara eraman gaitzakeela: nondik datorren identifikatu, eta pentsatu zer neurri har daitekeen norbere burua zaintzeko. Eta beldur egoeretan, nik lagunak aldarrikatzen ditut: emakumeok eta disidentziok oso ondo dakigu sareak ehuntzen eta komunitatea egiten. Horretaz gogoratu behar gara, ez baikaude bakarrik honetan, lagunekin dena da beti hobea.
Jo dezagun adibide zehatzetara. Sexpreading kasuetan, onespenik gabe zabaltzen diren irudi sexualak sarri baimenarekin lortzen dira; eta ohiko erreakzioa izaten da emakumeei esatea ez bidaltzeko halakorik gizonei. Autodefentsa digital feministatik, nola jorratuko zenuke hori?
Irudirik ez bidaltzeko esatea da errua berriro biktimarengan jartzea, eta ez baimenik gabe zabaldu duen tipoarengan. Nik emakumeekin pentsatzen dudan lehen gauza da zein arrisku dagoen, zein indarkeria gerta daitekeen, eta horren arabera, nola zaindu dezakegun geure burua. Halakoetan, zer behar dugu? Bada, hasteko, bidaltzera noan argazkiak ez edukitzea metadaturik, irudiarekin batera ez igortzeko nire kokalekuari buruzko informaziorik; beraz, metadatuak ezabatzen ikasiko dugu. Gero, irudi hori deskargatzeko aukerarik ez izatea, jasoko duenak ez dezan gorde; hortaz, desagertuko diren argazkiak bidaltzen ikasiko dugu. Eta behin jakinda zer baldintza behar ditugun, bilatuko ditugu baldintza horiek betetzen dituzten aplikazioak; eta halakorik ez bada, argi edukiko dut zer egin dezakedan aplikazio bakoitzean. Hori guztia pentsatu behar ditugu boteretze posizio batetik, gure erabaki propioak hartuta, arriskuak ebaluatuta eta gustuko dugun zerbait egiteari utzi gabe. Eta sexpreading kasuetan, halako irudiak jada zabaldu direnean, niri asko gustatu izan zait beste emakume batzuek esan dutenean: «Zein da arazoa? Nik ere hori egiten dut».
Beste adibide bat: kazetari feminista bat eraso handi bat jasaten ari da sareetan eskuin muturreko hainbat kontutatik. Zer egin behar da horren harira?
Halako egoeretan, sarri, konponbidea kolektiboa izango da, indibiduala baino gehiago. Kazetari hori Bilbora badator, hemengo kolektibo feministak antola daitezke laguntza taldeak eratzeko eta berarekin joateko egongo dela jakina den lekuetara. Eta hala, erasotzaileak distantzia batera manten ditzakete, eta kazetari hori babestu; eta gainera, legitimatu egingo lukete, eta gogoratuko liokete egiten duena garrantzitsua dela. Izan ere, jardun publikoa dutenek jasotzen duten indarkeriak helburu du haiek isilaraztea, norbaiti ez zaiolako gustatzen egiten dutena. Horregatik oroitarazi behar zaie egiten dutena inportantea dela, besteoi laguntzen digula, emakume askori bizia aldatu dietela. Hori bada zerbait, eta egiten erraza da, ez da ezagutza tekniko handirik behar: nahikoa da mezu politak bidaltzearekin, eskerrak ematearekin. Horrelakoek gorroto guztia itzal dezakete.