Bilboko Kirruli tabernan «eraso faxistak» egin dituzte bart

Honelaxe aurkitu dute goizean Bilboko Iñigo Cabacas plaza: tabernako kristala hautsita, mezu faxistak idatzita, Iñigo Cabacasen loreontzia apurtuta, eta Joseba Asensio 'Kirruli' euskal presoa zenaren oroigarria margotuta.

Kirruli herriko tabernako leihoa hautsita, gaur goizean. IÑIGO CABACAS HERRI HARMAILA
Kirruli herriko tabernako leihoa hautsita, gaur goizean. IÑIGO CABACAS HERRI HARMAILA
Iratxe Muxika
2026ko maiatzaren 29a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohi bezala, 23:00etan itxi zuten atzo Bilboko Indautxu auzoko Kirruli herriko taberna, baina goizaldean deus ez zegoen utzitako moduan: kristaletako bat hautsita zegoen, eta mezu faxistak zeuden horman idatzita. Iñigo Cabacas Herri Harmailak «eraso faxistak» salatu ditu; izan ere, tabernari eraso egiteaz gain, Iñigo Cabacasen omenez jarritako loreak lapurtu dituzte, loreontzia apurtu, eta taberna ondoko horman jarrita dagoen oroigarri bat margotu. Joseba Asensio Kirruli euskal preso ohiarena da plaka. 

Naiz-ek jakinarazi duenez, mezu faxistak eta svastika naziak agertu dira tabernako horman, hala nola Cabacas jódete (Cabacas, izorra hadi) eta Viva Franco (Gora Franco). Nola Kirruli kultur elkarteak hala Iñigo Cabacas Herri Harmailak «irmoki» gaitzetsi dute erasoa, eta Bilbo «eraso faxistarik gabeko» hiria izatea aldarrikatu. «Aurrean izango gaituzue. Faxismoari sua!», erran dute Herri Harmailako kideek X sare sozialean. Berehala batu zaie Bilboko EH Bildu, eta, erasoa gaitzesteaz gain, «elkartasun osoa» adierazi die Iñigo Cabacasen senideei eta Kirruli kultur elkarteari.

Mezu faxista bat tabernaren kanpoaldean. IÑIGO CABACAS HERRI HARMAILA
Gauean idatzitako mezu bat tabernaren kanpoaldean. IÑIGO CABACAS HERRI HARMAILA

Taberna kokatzen den plaza Iñigo Cabacas plaza deitzen da, hain justu, duela hamalau urte bertan hil zuelako Ertzaintzak Cabacas, Athleticen partida baten ondotik, gomazko pilota bat jaurtita. Joseba Asensio Kirruli hil zenetik, berriz, berrogei urte bete dira aurten. Auzokoa zen, ezker abertzaleko militantea eta euskara irakaslea, eta 27 urte zituela hil zen kartzelan, tuberkulosiak jota. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA