«Fueroak esan nahi du/ gure herrietan/ ez zaigula sartuko/ inor ezertan;/ aita ta seme beti/ gure fronteretan/ armatuko garela/ diraden gerretan;/ gainerakoetan,/ guk gure juntetan,/ okasioetan,/ aginduko degula/ geure gauzetan». 1838an, bertso lerro horien bidez erantzun zion Agustin Pascual Iturragak 1837ko Espainiako Konstituzioak foruen bidezko aginteak bertan behera utzi izanari, eta hala jaso zuen Sabino Arana fundazioak apirilean, Hermes aldizkariaren zenbaki monografikoan. Berrogei urte geroago desegin ziren foruak behin betiko, 1876ko uztailaren 21eko legea tarteko.
Foruak abolitu zireneko 150. urteurrena oroitzeko, Hego Euskal Herri osoko berrehun udal ordezkari inguru bildu ziren igandean, Bergaran (Gipuzkoa) egin zuten ekitaldi batean. Burujabetzaren aldarrikapena nabarmendu zuen Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak: «Foruen abolizioa dela eta, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula geure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea».
Foruak autogobernurako tresna bat izan ziren, eta XIX. mendearen amaierara arte iraun zuten indarrean. Behin horiek deseginda, euskal lurraldeen burujabetza apaldu egin zen, eta probintzia bihurtu ziren; orain, estatus politikoaren inguruko eztabaida abian den honetan, foruek ere badute garrantzia.
1
Foruen sorrera
Baina zergatik da hain garrantzitsua urteurren hau? Xabier Irujo historialariak horrela definitu ditu: «Foruak euskal nortasunaren eta identitate kolektiboaren bizkarrezurra dira».
XIX. mendea baino lehen, euskal foruek autogobernu politikoa, fiskala eta judiziala ematen zizkieten Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroari. Foruei esker, bermatua zuten beren erakundeak, legeak eta zerga sistema propioak kudeatzeko ahalmena eta boterea.
Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, ahalmen hori 1800. urtean egonkortu zen, foruak modu ofizialean eratu zirenean. Horretarako, hiru lurraldeetako Batzar Nagusietako ordezkariek aginte politikoko egitura bateratu bat sortu zuten: Euskal Gobernua, Irurac bat, foruak. Ordutik, Batzar Nagusiak izan ziren aginte politikoaren oinarria, eta helburua zen aginte hori herriaren beraren esku egotea.

Bestelakoa zen egoera Ipar Euskal Herrian: euskal lurraldeen eskubide historikoak Frantziako 1791ko Konstituzioak abolitu zituen. Biltzarrak ezabatu zituzten, eta aginte sistema berriaren bidez, lurraldeak departamendutan banatu, estatu zentralistaren ereduari jarraituta. Hortaz, euskal lurraldeak departamendu batean bilduta gelditu ziren, eta aginte guztia Frantziako Parlamentuaren esku.
2
Lehen aldaketa
Joseba Agirreazkuenaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta Ituna institutuko kidea da, eta azaldu du foruak bateraezinak zirela XIX. mendean liberalismoak babesten zuen estatu zentralistarekin, orduko liberalek herritar eta lurralde guztien arteko berdintasun ideala defendatzen baitzuten. Hala, foruak abolitzea «lehentasun politiko» bihurtu zen, nabarmendu duenez.
Lehen urrats garrantzitsua 1839an egin zuten. Agirreazkuenagaren hitzetan, urriaren 25eko legeak «berdinketa juridikoa» ekarri zuen. Hau da,1839an, Lehen Gerra Karlista amaitu zenean, Espainiako Parlamentuak foruen bidezko agintea onartu zuen, baina adierazi beharrezkoa zela foruak Espainiako Konstituzioaren arabera moldatzea. Horretarako, legearen bigarren artikuluan ezinbestekotzat jotzen zen foruen moldaketa egitera; bada, artikulu horrek «etengabeko tirabirak» sortu zituen euskal gizartean, Agirreazkuenagak adierazi duenez. Hala, XIX. mendean jada euskal auzia deitzen zitzaion Hego Euskal Herriko lurraldeen eta Espainiaren arteko gatazkari.
Eta Euskal Herriko lurraldeak ere bi norabidetan banatu ziren. Batetik, Nafarroak erabaki zuen aginte politikoaren ordez foru ekonomikoak bermatzea. Bestetik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez zuten onartu foruen gaineko moldaketarik.
3
Bi norabide
Foruak moldatzeko 1841eko abuztuaren 16ko legearen bitartez, Nafarroako foruak abolitu zituzten. Nafarroaren zor publikoa Espainiako Estatuak hartu zuen bere gain, erreskate publikoaren bidez; trukean, Nafarroaren kudeaketa diputazio probintzial berriaren esku gelditu zen eta, ondorioz, Nafarroak bere aginte politiko guztia galdu zuen. Gainera,aurrerantzean, Nafarroak Kupoa ordaindu beharko zuen urtero, zor publikoaren interesak ordaintzeko pixkanaka-pixkanaka. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, berriz, aginte politikoari eta ekonomikoari eutsi nahi zioten, eta, beraz, foruen moldaketarako legea luzatzea erabaki zuten. Hala ere, Espainiako Gobernua bere kabuz hasi zen moldaketak egiten: besteak beste, foru baimenak ezabatu zituen, eta Espainiako sistema judiziala indarrean jarri zuen euskal lurretan.
Hainbat saiakeraren ostean, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak erresistentzia handia egin ondoren, 1876ko uztailaren 21ean foruak abolitzeko legea aurkeztu zuen Canovas del Castilloren Ministroen Kontseiluak; 1877ko apirilaren 26an argitaratu eta indarrean sartu zen. Diputazioen protestak piztu zituen horrek, baina protestek ez zuten fruiturik eman. Lehenengo, Bizkaiko Foru Diputazio osoa ezabatu zuten, lurralde hartako Batzar Nagusiekin batera, eta diputazio probintzial bat ezarri. Hilabete batzuk geroago, Arabako eta Gipuzkoako foru administrazioak ere desegin zituzten, eta diputazio probintzialak osatu bi lurralde horietan ere.
4
Abolizioaren ondorioak
Lege hori aplikatzearen ondorioz, herritarrei «dena kendu» zieten, Irujok eta Agirreazkuenagak adierazi dutenez: lurraldetasuna, hiritartasuna eta hiru botereak —botere exekutiboa, legegilea eta judiziala, alegia—. Irujoren esanetan, «herria desegituratu» zuten: «Independentea izateari utzi, eta probintzia bihurtzeko prozesu batean murgildu ginen».
Foruak galtzean, Euskal Herria «desagertuko zen irudipen orokortua» agertu zen gizartean, eta «depresio kolektibo bat» piztu zuen horrek, Agirreazkuenagaren esanetan. «Nortasun krisi sakon batean sartu zen gizartea, herritarrek ez zekiten zer ziren —nafarrak, euskaldunak, espainolak edo frantsesak—, eta identitate kolektiboak asko sufritu zuen», nabarmendu du Irujok. Gainera, unibertso kulturalaren «desartikulazio totala» gauzatu zen foruen galerarekin, eta euskara bigarren hizkuntza izatera pasa zen bizitzako arlo guztietan. «Espresio kultural guztiak urratu zizkiguten», dio Irujok.
«Foruak galtzean, Euskal Herria desagertuko zen irudipen orokortua sortu zen»
JOSEBA AGIRREAZKUENAGA EHUko katedraduna eta Ituna institutuko kidea
Horri aurre egin nahian, euskal pizkundea deritzona sortu zen. Irujoren hitzetan, euskal pizkundea ez zen, askok definitzen duten moduan, mugimendu kultural bat: «Mugimendu politiko bat izan zen, kulturaz jantzia».
Agirreazkuenagak azaldu duenez, 1876an bertan independentziaren aldeko proposamenak hasi ziren eztabaidatzen. «Foruen galerak beste euskal abertzaletasun bat sorrarazi zuen, Espainiarekin bateraezina zena». Horren harira, XIX. mendearen bukaeran, halako «giro bat» sortu zen, foruak berreskuratzeko bidea bilatzearen aldekoa. XX. mendean sartuta, nahi horren erakusgarri izan ziren 1936ko Autonomia Estatutua eta 1979ko Gernikako Estatutua.
5
Gaur egun
Foruak abolitu ondoren euskal lurraldeetan sortutako diputazio probintzialak dira gaur egunera arte iraun duten egitura instituzional nagusiak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioen kudeaketaren parte nabarmen bat foru aldundien esku dago orain, eta Nafarroa ere foru gobernu batek kudeatzen du. Bestalde, Irujok esan du Sabino Aranak bultzatutako euskal nazionalismoa dela foruen galerak gaur egungo politikan izandako eraginik nabarmenena, eta horrekin batera, Aranak berak 1895. urtean sortu zuen EAJ alderdia, Euskal Herriko alderdi politikorik zaharrena.
Irujoren hitzetan, Euskal Herrian foruak errotuta daude oraindik lege eta ohitura moduan: «Nahiz eta foruen parte handiena galduta egon, sozialki bizirik daude oraindik. Hori da euskaldun egiten gaituena».
6
Etorkizuna foruetan
Irujo eta Agirreazkuenaga bat datoz etorkizuneko estatus politikoak «ezinbestean» foruetan izango duela oinarria. Irujo: «Euskal Herriak, Euskal Herria den bitartean, foruak izango ditu bizkarrezur».
«Euskal Herriak, Euskal Herria den bitartean, foruak izango ditu bizkarrezur»
XABIER IRUJO Historialaria
Hortaz, ez da kasualitatea foruak abolitu zireneko 150. urteurrenaren harira ordezkari instituzionalek aukera ikustea Euskal Herriko eskubide historikoei buruz hitz egiteko, eta horretarako indar politiko instituzionalak biltzea. Agirreazkuenaga: «Ikusten da XX. eta XXI. mendeetan aginte ekonomikoa bermatzea, aginte politikoa berreskuratzea eta aginte judizialaren agintaritza propioa eskuratzea dela etorkizuneko estatus politikoa lortzeko ideia zentrala».