'De Miguel auzia'

Indultu partziala eskatu dute De Miguelek eta Telleriak

Lortuz gero, ez dute espetxera sartu beharko.

Alfredo de Miguel eta bere abokatua, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA - FOKU
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 22a
12:21
Entzun

De Miguel auzian zigortuetako bik, Alfredo de Miguel eta Aitor Telleria EAJren burukide ohiek, indultu partziala eskatu dute espetxera sartu behar ez izateko. Joan den astean, epaia irmotzat jotzen duen autoa plazaratu zuen Arabako Probintzia Auzitegiak, eta, ondorioz, zigortutakoek hamar eguneko epea zuten kartzelara sartzeko, baina De Miguelen eta Telleriaren abokatuek zenbait idazki aurkeztu dituzte auzitegian, hori eragozteko asmoz.

De Miguelek eskatu du legez kanpo elkartzeagatik ezarritako zigorra hiru urtetik bi urtera jaistea. Beste zenbait delitu ere egotzi zizkioten, baina kasu guztietan bi urte baino gutxiagoko zigorrak ezarri zizkioten. Bi urte baino gehiagokoa den zigor bakarra bi urtera jaitsiz gero, ez luke kartzelara sartu beharko. Haren abokatuak argudiatu du egotzi dizkioten delituak, banan-banan hartuta, ez direla Ā«hain larriakĀ».

Telleriaren abokatuak ere indultua eskatu du, auzibideak hamalau urte iraun duela argudiatuta. Edonola ere, indultuak emateko prozesuak luzeak izaten dira, eta eskatu izanak ez du geldiarazten espetxera sartzeko prozesua; beraz, ez dirudi eskaera horien bidez espetxeratzea eragotzi ahal izango dutenik.

Gaixotasuna

Telleriaren abokatuak beste eskaera bat ere egin du: zigorra bertan behera uztea gaixotasunagatik. Kasu horretan, Arabako Probintzia Auzitegiak datozen egunetan erabaki beharko du eskaera aintzat hartzen duen edo Telleria espetxean sartzea agintzen duen. Albiste agentzien arabera, litekeena da auzian zigortua izan den beste batek, Koldo Otxandianok, berdin egitea eta gaixotasuna argudiatzea espetxera ez sartzeko, azken hilabeteetan ez baita lanera joan, gaixo agiria lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.