Hiru geltoki nagusi ditu Pasaiako kanpoko portuaren proiektuak ingurumen trabak gaindituko dituen edo ez jakiteko. Lehen geltokia Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria da, eta 2009ko urrian ezagutarazi zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak (MARM).
Hartan, kanpoko portua ez ezik beste aukerak ere kontuan hartzeko eskatu zion Ingurumen Ministerioak Pasaiako Portu Agintaritzari, kanpoko portuaren proiektuak «ingurumen eragin larria» lukeelako Jaizkibelgo itsaslabarrean.
Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria eskuan hartuta, hurrengo urratsa egitea portu agintaritzari zegokion. Hala, Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena egin zuen iaz. Txosten hartan, portu agintaritzak aitortu zuen kanpoko kaia egiteak «eragin kritiko eta bueltarik gabe» batzuk eragingo lituzkeela Jaizkibelen, baina neurri zuzentzaileak hartuta eragin orokorra «larria» litzatekeela.
Hain zuzen ere, Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako 1.012 alegazioetako bat da MARMek egindakoa. Garrantzi handia du, ordea. Izan ere, ministerio horri dagokio azken hitza ematea. Alegia, ingurumen arrazoia aztertuta kanpoko portua egin ahal izango den edo ez erabakitzea.
Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako alegazioak aztertuta egingo dute Ingurumen Ministerioak eta portu agintaritzak Ingurumen Memoriaren Txostena. Hori da azken tramitea. Txosten horretan erabakiko du Ingurumen Ministerioak portua egin daitekeen edo ez.
Ingurumen memoriaren zain
Iaz Pasaiako Portuak egin zuen Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenaren ostean, azken erabakia falta da: Ingurumen Memoriaren Txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu