Enrique Baquero. Zoologia irakaslea

«Ingurumenak kezkatzen gaituela esaten dugu, baina ez da egia; asko falta zaigu»

Nafarroako Unibertsitatean lan egiten du Enrique Baquerok, zoologia eskolak ematen. Iruñeko Konestablearen Jauregian bioaniztasunari buruzko ikastaro bat eman du, gaia jende arruntaren artean hedatzeko.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Hiru egunez bioaniztasuna izan du mintzagai Enrique Baquerok (Iruñea 1968). Nafarroako Unibertsitateak antolatutako ikastaro bat eman du Iruñean, eta gizakien eta animalien arteko harremanak landu ditu bertan. Zoologia irakaslea denez, haren eskolen ardatza animaliak izan dira. Bioaniztasunak interes gutxi pizten duela uste du, lagun gutxi bildu baitira bere eskolara. Gizarteak ingurumenarekin duen ardura eskasak arduratzen du bera, eta ezkor azaldu da.

Bioaniztasunaz hitz egiten dugunean, badakigu benetan zer den?

Zientziaren alorrari erreparatuz, ez. Jendeak ideia bat izan dezake buruan, baina ez dut uste bioaniztasunaren garrantziaz ohartzen denik. Alde batetik, pertsona batek pentsa dezake badirela animalia desberdinak han eta hemen. Baina bioaniztasunean ez da maila hori bakarrik lantzen. Adibidez, hainbat ekosistemadaude, eta horiek sortzen dituzte bizi-baldintzak izaki bizidunentzat. Beste maila bat bioaniztasun genetikoa da, espezieek bizirik iraun dezaten. Espeziekideen artean diferentziak egotea beharrezkoa da. Adibidez, txerri arraza bakarra balego, eta gaixotasun bat gai balitz arraza hori hiltzeko, txerriak desagertu egingo lirateke.

Hiru egun hauetan animaliak izan dira protagonistak.

Ia 400 animalia aurkeztu ditugu. Interesa piztu dutenen artean daude, adibidez, zebra muskuilua, sagar barraskiloa... baina hitz egin dugu ere bai aireportuetako belatzen inguruan, baita ere ardi eta behi moten inguruan ere. Beraz, animaliarik txikienetik hasita handieneraino hitz egin dugu, gaixotasunak sortzen dituen animalia mikroskopikotik hasita Asiako elefanteraino edota balea konkorduneraino.

Gizakiaren eta beste espezieen arteko harremanaz mintzatu zarete.

Taldeak egin ditugu. Abeltzaintzaz, arrantzaz, zinegetikaz, izurriteez, gaixotasunak garraiatzen dituzten animaliez, kirolaz, gastronomiaz... mintzatu gara. Baita musika tresnen inguruan, eta erabilera militarraz ere. Uste dut gai guztiak jorratu ditugula.

Beraz, animaliak gure onurarako erabiltzen ditugu.

Animaliak jaten ditugu, gure lagunak dira, ingeniaritzarako eredu dira... Adibidez, badago armiarma bat zeta sendo bat ehuntzen duena, eta haren ereduari jarraitzen zaio. Animalien jarrera ere eredu bihurtzen dugu batzuetan. Adibidez, garraio enpresa batek inurritegi bat du eredu.

Animalien onurez pentsaturik, elikagai direla datorkigu burura. Gehiegizko ustiapena arazoa da?

Espezie askotan, bai. Ezin gara orokorkerian erori, baina espezie asko desagerrarazten ari gara. Gaur, adibidez, hegalaburraz mintzatu gara. Animalia horren ustiapena izugarrizkoa izaten ari da, eta, gainera, arrazionalak ez diren erabileretarako. Beste kasu batzuetan, berriz, espezie batzuen iraupena gizakien ustiapenari esker da. Bi muturretako egoerak gerta daitezke.

Akuikultura moduko ustiapenak behar ditugu gizakiak elikatzeko?

Ezinen nuke baiezkorik edo ezezkorik esan. Ni zientzialaria naiz, ez politikaria, ekonomista edota soziologoa. Espezie batzuen ustiaketa onuragarri izan dakiguke, betiere era iraunkorrean eginez gero. Baina badira ere iraunkorrak ez diren ustiapenak, penagarriak direnak. Munduan bizi garen pertsona kopurua kontuan hartu behar da, baita ditugun baliabideak ere. Hortik abiaturik, has gaitezke elikadura ohiturak aldatzen, barazki gehiago jaten eta animalia proteina gutxiago erabiltzen. Baina orojaleak gara, beraz, animaliak jaten jarraituko genuke.

Kalteak ere sor ditzakete animaliek; adibidez, izurriteak.

Izurriteek laborantzan eta abeltzaintzan kalteak sortzen ahal dituzte. Baina egokiena ez da izurritea sortu duen animalia akabatzea, haren kopurua murriztea baizik; oreka bilatu behar da. Horrela konponduko da arazoa.

Gure gizartea kontzientziaturik dago ingurumen gaiekin?

Ezetz esanen nuke. Adibidez, nik emandako ikastaro honetara hamabost lagun etorri dira, eta haietarik bost nire ikasleak ziren. Ingurumenak kezkatzen gaituela esaten dugu, baina hori ez da egia. Oraindik asko falta zaigu beste herrialde batzuetan duten ardura mailara ailegatzeko. Birziklatzeari dagokionez, animaliei zor zaien errespetuan, erosterakoan produkzio moduari eman beharreko garrantzian... Gure kontzientzia oso txikia da, uste dut azterketa eginez gero ez genukeela ezta biko nota aterako ere.

Egoera hori dela eta,zer egin?

Heziketa, baina mailarik baxuenetik hasita. Izan ere, haurrek oso ongi uler dezakete ingurumenaren arazoa. Horretarako, denbora beharko da. Gure aurretik diren herrialdeek 40-50 urte daramate gai hau lantzen, eta gu orain gutxi arte ez gara honetaz konturatu ere egin. Egia esateko, nire jarrera nahiko ezkorra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.