Iñigo Gutierrez euskal presoa aske geratu da, zigorra beteta

Lazaro Galarza iheslari ohia hil da Mexikon; garraiolari lanetan ari zela, zama gainera erori zaio.

2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Hamalau urteko zigorra beteta, Zaballako espetxea utzi du Iñigo Gutierrez algortarrak. Izadi haurraren aita eta Maria Lizarraga presoaren bikotekidea izanik, ezagun egin da haren kasua, kanpaina publiko baten bidez. Haren bitartez, eskatu zuten alaba gurasoekin egon zedila 3 urte bete ondoren. Otsailean, Izadi alabak 3 urte betetzean, hirugarren gradua eman zioten Gutierrezi, baina fiskaltzak helegitea jarri zion, eta, Auzitegi Nazionalak bigarren graduan atzera eginda, espetxera itzuli behar izan zuen. Beste bost hilabete egin ditu preso. Egoera hori salatzeko, Sarek manifestazioak egin zituen Iruñean eta Burlatan, bikotekidearen herrian.

Etxerat-ek azaldu duenez, baldintzapean aske ziren bi preso behin betiko aske geratu dira egunotan. Idoia Martinez arrigorriagarra iaztik zegoen egoera horretan. 24 urte eman ditu espetxean, eta uztailaren 7an lortu zuen behin betiko askatasuna. Xabier Agirre ere iaztik zegoen egoera horretan; sei urte eman ditu espetxean, eta uztailaren 15ean geratu zen libre behin betiko.

Bestalde, Lazaro Galarza Larraioz iheslari ohia hil da, Mexikon; 67 urte zituen. 1994tik zegoen herrialde horretan, baina 1990etik zegoen ihes eginda, Irunberriko arroilako gertaeretan Susana Arregi eta Jon Lizarralde hil ostean Guardia Zibila haren bila joan zenetik. Zabaldu dutenez, lan istripu baten ondorioz hil da Galarza. Garraiolari lanean ari zela, zama gainera erori zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.