Kontseiluaren ordezkaritza bat hartu du Urkulluk

«Adostasunaren bidetik» hizkuntza politika berri bat ezartzeko premia dagoela esan diote lehendakariari, argudiatuta euskararen etorkizuneko erronkei erantzuteko beharrezkoa dela hizkuntza politiketan «jauzi bat» egitea.

(ID_13385178) (/EZEZAGUNA) (;)
Joanmari Larrarte, Idurre Eskisabel, Iñigo Urkullu, Bingen Zupiria eta Aize Otaño, gaur. IREKIA
arantxa iraola
2023ko azaroaren 28a
15:05
Entzun

Lehendakaritzan, Gasteizen, Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkaritza bat hartu du gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Kontseiluaren izenean, Idurre Eskisabelidazkari nagusia eta Joanmari Larrarte eta Aize Otaño zuzendaritzako kideak joan dira; Kontseilua aspaldi ohartarazten ari da oldarraldi judizial bat dagoela euskara sustatzeko araubideen aurka azken urteetan egon diren ebazpen judizialen atzean, eta hori izan da hizketarako gaietako bat. Euskararen normalizazioari begirako zenbait gogoeta ere aurkeztu dizkiote Urkulluri. «Adostasunaren bidetik» hizkuntza politika berri bat behar dela esan diote. Bilera Lehendakaritzan egin dute, eta han izan da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere.

Bide batez, Kontseiluak jakinarazi du datozen hilabeteetan harremanak hasiko dituela hainbat eragilerekin, helburu izanik euskararen normalizazioan sakontzeko akordio politiko zabal bat lortzea. Gogora ekarri dutenez, Iñigo Urkulluk berak berriki adierazi du euskara «lehentasun politikoetan» ezarri behar dela, eta adostasun bideak lantzera deitu dute.

Azpimarratu dute Kontseiluak jarriak dauzkala hizkuntza politiketan egin beharreko aurrerabideak zedarritzeko irizpideak, eta bidea erakuts dezaketela. Kontseiluak 2021ean abiatutako Batuz Aldatu dinamika aipatu du Idurre Eskisabelek, zehazki. «Dinamika horren bidez, euskal gizartean esanguratsu diren ehundik gora eragilek –askotarikoak denak ere– bat egin dute euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi oinarriekin: ezagutza unibertsalizatzeko helburuarekin eta erabilerarako gune erosoak sortu eta zabaltzekoarekin».

Zimendu horietan oinarritu nahi dute hemendik aurrerako bidea. «Sinetsita gaude bi oinarri horien gainean adostasun sozial zabala eraiki daitekeela, eta hori hizkuntza politiketan sakontzeko akordio politiko zabal baterako bide izan daitekeela», azaldu du Eskisabelek. Ateak jo eta zabaltzeko prest daude bide horretan. «Datozen hilabeteetan geruza desberdinetako harreman lanketan segituko du Kontseiluak, oldarraldiari aurre egitetik euskararen normalizazioan aurrera egitea ekarriko duen akordio soziopolitiko berri baten bila».

2003tik elkartu gabe

Kontseiluak atzo eman zuen bileraren berri, eta horren garrantzia nabarmendu zuen: «Azken hogei urteetan lehenengo aldia izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkaritza batekin biltzen dena». Karguan 2012ko abendutik dago Urkullu; haren aurrekoa Patxi Lopez izan zen –2009ko maiatzean hartu zuen kargua–; aurretik hamarraldi bat egin zuen lehendakari Juan Jose Ibarretxek, 1999ko urtarriletik 2009ko maiatzera. Azken horrekin izan zuen Kontseiluak bilera honen aurrekoa, egoera aski zailean, 2003. urtean: Euskaldunon Egunkaria «indarrez» itxi ostean, hain zuzen ere.

Gaurko bileran testuingurua ere nabarmendu nahi izan du Euskalgintzaren Kontseiluak. Izan ere, oldarraldi judizialak eragindako kezka handia da, baina aintzat hartzekoa da gizartean sortu den erantzuna ere. Azaroaren 4an, jendetza bildu zen Bilbon, Kontseiluak oldarraldia salatzeko antolatu zuen manifestazioan: 70.000 pertsona elkartu ziren, aurreikuspen guztiak gaindituta. Oldarraldiaren aurrean, euskarekin bat, euskaraz bat izan zen manifestazioaren leloa, eta eragile askoren babesa izan zuen. Hartan, oldarraldia salatzeaz gain, gaur berritu duen aldarria lau haizeetara zabaldu zuen Kontseiluak: akordio soziopolitiko berri bat behar da euskararen inguruan.

Aurre egiteko era

Gaur Urkulluri berriro adierazi diote euskararen normalizazioaren aldeko araubideen kontra izan diren ebazpen judizialak ez direla «epai bakanak» eta «oldarraldi judizial baten» ondorioa direla. Tankera askotako epaiak direla nabarmendu dute, baina xede bera dutela, eta muina ere antzekoa: «Guztiek euskararen normalizaziorako bide diren neurrien aurka ebatzi dute».

Hori salatze aldera hilabeteotan egin duten bidea zein izan den azaldu diote Kontseiluko kideek Jaurlaritzako buruari. Hain justu ere, gogoratu dute martxoan Kontseiluko batzar nagusiak «adierazpen bateratu batean» adierazi zuela oldarraldiari aurre egin ahal izateko bide bakarra hizkuntza politikaren gaineko «akordio berri bat» bultzatzea dela, eta, hain justu ere, horren alde egin dituztela ondorengo urratsak. Horri lotuta etorri zen azaroan 4an egin zen manifestaziorako deia; halaber, epaien aurka azaltzeko egin diren agerraldi ugariak ere dinamika horrexen emaitza izan dira.

Azaroaren 4ko manifestazioaz bestelako agerraldi horietako zenbait ere jendetsuak eta aski esanguratsuak izan dira. Uztailaren hasieran, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legraren aurka ebatzi zuen, eta udalei agiriak-eta euskaraz egiteko era ematen dien artikulua ezeztatu. Hori hala,  170 alkate eta udal hautetsi elkartu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren parean, Kontseiluak deituta, sententziaren kontra zeudela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.