Beste inkesta bat abiarazi dute Eric Olhats futbol ikuskatzailearen kontra, bortxaketa eta sexu indarkeriagatik

Jadanik kondenatua eta preso izanik ere, sei gizonek sexu erasoak egotzi dizkiote 'Dans la gueule du loup' liburuan. Colette Capdevielle diputatuak Zigor Kodeko 40. artikulua erabili du inkesta berri baten galdea egiteko.

Eric Olhats futbol ikuskatzailea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eric Olhats futbol ikuskatzailea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 28a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako auzitegiak inkesta berri bat abiarazi du Eric Olhats futbol ikuskatzailearen kontra, bortxaketa eta sexu indarkeriagatik; beste biktimarik egon litekeen argitu nahi dute. Joan den urtean jadanik epaitu zuten Olhats, adingabeen kontrako sexu indarkeria leporatuta: sei urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten, eta kartzelan dago geroztik.

Orotara sei gizonek salaketa jarri zuten Olhatsen kontra, gertakarien garaian oraino adingabeak zirenak. Oraingo honetan, biktima gehiago ba ote diren aztertzeko asmoa du Baionako auzitegiak. Baina desmartxa ez dator nehondik, bosgarren hautesbarrutiko Colette Capdevielle diputatu sozialistak dei egin baitio auzitegiari inkesta bat abiaraz zezan.

Hain zuzen ere, Fabien Touatik eta Thomas Rabinok publikatu berri duten Dans la gueule du loup liburuan, futbolean dagoen pedokriminalitatea aztertzen dute. Eta liburu horretan sei gizonek kontatu dute Olhatsek drogatu ondotik haren eskupeko geratu zirela. Elementu horiek jakin bezain laster, Capdeviellek Zigor Kodeko 40. artikulua erabili zuen inkesta berri baten galdea egiteko.

Olhatsi orain arte leporatu zaizkion eraso gehien-gehienak txapelketetarako egiten zituzten ateraldien denboran iragan ziren, Olhatsen etxean berean edo partidetarako bidean, autoan. Gertakari berdintsuak salatu dituzte batek baino gehiagok: izter hunkipenak, matelan emaniko musuak, film pornografikoak bere ganbaran ikusteko gomitak, sexu hunkipenak, masturbazio bortxatuak... Baina baita irudi pedopornografikoak sakelakoan gorde izana ere.

Denak ukatzen ditu Olhatsek, hasieratik. Joan den urteko auziaren erabakiaz dei egiteko momentuan, alta, ez zuen egin, eta preso segitzen du geroztik.

Olhatsen «beldur»

Ezaugarri larrigarri bat jasotzen zuen prozedurak: Olhats zen, Ipar Euskal Herrian, zango baloi amaturretik profesionalerako zubia; haren «beldur» ziren ikasleetarik anitz. Auzi saioan, haren «aurak» sortzen zuen «indar harremana» azpimarratu zuten biktimek.

Lehen aldiz 2022ko maiatzean atxilotu zuten, baina berriz atera zen hamar hilabete geroago, kontrol judizialpean. 2025eko uztailean, ordea, berriz atxilotu zuten, kontrolak trenkatzen zituen baldintzak ez baitzituen errespetatu, hots, zango baloiko zelai batera berriz hurbildu baitzen joan den udan.

Batez ere Baionako Aviron zango baloiko taldean lan egin du Olhatsek, 1992tik goiti entrenatzaile, formatzaile eta ikuskatzaile lanetan. Realera joan zen gero: hain zuzen, Antoine Griezmann jokalaria begiztatu eta Realera eramateagatik ezaguna da bereziki. Atletico Madril klubean ere lan egin zuen 2014tik goiti, kirol aholkularitzarako enpresa bat sortu zuen urte bertsuetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA