Politika

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelatzeko agindu du Garzonek

Ino Galparsoro Arrasateko alkateari baldintza gabeko espetxe zigorra ezarri dio Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, ANVren jarduerak eteteko agindua urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta. Ino Galparsoro deklaratzen zegoen bitartean, Espainiako Poliziak Arrasateko udaletzea miatu du, Garzon epailearen aginduz.

2008ko apirilaren 30a
20:56
Entzun
Fiskaltzak eta AVTk eta Dignidad y Justicia elkarteek ordezkatutako akusazio partikularrek Ino Galparsoro Arrasateko alkatea (EAE-ANV) espetxeratzeko eskatu dute arratsaldean, "erakunde terroristari laguntzea" egotzita. Fiskaltzak uste du "erakunde terroristari" lagundu diola, agindu judiziala desobeditu duela, eta Garzon epaileak otsailaren 8an agindutako ANVren jardueren etetea urratu duela. "ETAri geratzen zaion ahots instituzionala" dela esan du Dolores Delgado fiskalak.Epaileak erabakia hartu bitartean Auzitegi Nazionaleko ziegetan izan dute Galparsoro atxilotuta

Hain zuzen ere, Baltasar Garzonek abiatu du Galparsororen kontrako auzia. Delaratzera deitu zuen gaurko, ANVren jardueren etetea urratu duela eta desobeditu egin duela iritzita. 13:00etan hartu du epaileak eta 14:00etan bukatu da deklarazioa. 10:00etan jarri zion hitzordua Garzonek Arrasateko (Gipuzkoa) alkateari, baina hiru orduz itxaroten eduki du. Iñigo Iruin abokatuak lagunduta deklaratu du Galparsorok.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrek kartzela eskaera egin ondoren, epailaren erabakiaren zain dago Auzitegi Nazionaleko ziegetan. 19:00etarako agindu du Garzonek erabakia, baina luzatzen ari da.

Arestian esan bezala, EAE-ANVren jarduerak eteteko agindua urratzea egozten dio Garzonek. Dena den, epaileak otsailaren 8an kaleratu zuen autoak dio udal hautetsiek dagozkien jarduerak egiteko aukera dutela. Arrasateko Udalak osoko bilkura egin izana, hala ere, ustezko delituen artean jaso du epaileak, iturri judizialen arabera.

Ezker abertzaleko hautetsien aburuz, "mozioen bitartez lortu ez dutena, orain Garzonen bitartez, Auzitegi Nazionalaren bitartez, GAL juridikoaren bitartez, lortu nahi dute. Ez da fikzioa, errealitate gordina da: ertzainak tiroka Errenteriako kaleetan, gazteak torturatzen, mozio 'etikoak' antolatzen eta, orain, alkate bat deklaratzen", zioten atzo ezker abertzaleko hautetsiek.

Jakin ez dakite zergatik deitu duten deklaratzera Galparsoro Garzon epailearen aurrean. Dakizkiten "xehetasun" bakarrak komunikabideetatik jaso dituztela diote, eta hala salatu nahi zuten atzo Donostian eginiko agerraldi batean Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak eta Niko Moreno Elorrioko alkateak. Haiekin batera izan ziren Galparsoro eta Oihana Aranburu Arrasateko alkateordea; hauek ez zuten komunikabideen aurrean azalpenik eman.

Salbuespen egoera stop! Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean, ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du gaur 12:00etan Donostian, Prim kalean, PSE-EEren egoitzaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.