Biktimak. 'Zabalza auzia'

Inpunitatean abaroa hartuta

Arturo Espejo guardia zibilaren izendapenak eta hura defendatzeko Marlaska ministroak emandako arrazoiek berriro agerian utzi dute ikerketa falta dela tortura babesteko oinarri nagusia.

Torturaren kontrako agerraldia. Marlaskak zuzendu zuen 2011ko polizia operazio hura. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Joan den astean, PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok, Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, esan zuen «sumina» sentitu zuela jakin zuenean Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Sostengu Agintaritzako buru izendatu zutela, baina gogora ekarri zuen Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak azalpenak emango zituela auziaren inguruan Espainiako Senatuan. Herenegun iritsi ziren Grande-Marlaskaren azalpenak, eta lehengo lepotik burua aritu zen ministroa: haren ustez, Espejoren izendapenean ez dago zuzendu beharreko ezer, eta Guardia Zibilaren ibilbidea orbanik gabekoa da, ez delako inoiz egon «inongo ebazpen zehatzetan inputaturik».

Ikusi gehiago:Lourdes Zabalza: «Marlaska aditua da torturak ez ikertzearen afera horretan»

Mikel Zabalzaren atxiloketa eta heriotza ekarri zituen polizia operazioaren buru izan zen Espejo, 1985ean. Are gehiago: hura izan zen hedabideen aurrean agertu zena esateko Zabalzak «ihes egin» zuela eta bere burua Bidasoara bota zuela, igeri egiten jakin ez eta eskuak loturik izan arren.

Inor gutxik sinetsi zuen orduan Espejok emandako bertsioa. Ezta hamarkada batzuk geroago Eusko Jaurlaritzak sustatutako Balorazio Batzordeak ere: haren txostenaren arabera, «susmo handiak» daude pentsatzeko Zabalzari «tortura eta tratu anker eta gizagabeak» ezarri zizkiotela atxilotuta egon zen bitartean, eta horren ondorioz hil zela. Jaurlaritzak ontzat eman zuen txostena, eta giza urraketen biktimatzat aitortu zuen. Horren ondorioz iritsi zen 2022ko otsailean Orbaizetan (Nafarroa) egindako aitorpen ekitaldia.

Ikerketari oztopoak

«Errugabetasun presuntzioa» eta Espejo «inongo ebazpen zehatzetan inputaturik» egon ez izana argudiatu zuen Grande-Marlaskak guardia zibilaren izendapena defendatzeko. Baina inputatuak egoteko beharrezkoa da ikertzea, eta orain arte Zabalza auzia ikertzeko egindako ahalegin guztiek oztopo gaindiezinak izan dituzte, Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen txosten hartan jasotzen zen moduan.

Grande-Marlaskak berak badaki zerbait tortura kasuak ikertzeko ahaleginei jarritako oztopoen inguruan. 2010etik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat aldiz zigortu du Espainiako Estatua tortura salaketak ez ikertzeagatik, eta, kasu askotan, Grande-Marlaska zen torturak salatu zireneko auzietako instrukzio epailea, Espainiako Auzitegi Nazionalean aritu zen garaian. Zenbait kasutan, Estrasburgoko auzitegiak emandako ebazpenetan zuzenean txarretsi du Grande-Marlaskaren jokabidea. Auzitegi Nazionalean jardun duten epaileen artean, hark biltzen du ebazpen gehien.

Espainiako egungo ministroaren jokabidea ezbaian jarri zuten Europako auzitegiaren lehen epaiak 2014an iritsi ziren. Oihan Ataun Rojo 2008an atxilotu zuten, Grande-Marlaska instrukzioaren epailea zelarik, eta salatu zuen torturatu egin zutela. Estrasburgoko auzitegiak 24.000 euro ordaintzera zigortu zuen Espainiako Estatua, salaketa horiek ez ikertzeagatik. Berdin gertatu zen Beatriz Etxebarriarekin: Guardia Zibilak atxiloturik eduki zuen bitartean torturak eta sexu erasoak egin zizkiotela salatu zuen, eta Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen salaketa horiek ez zituztela ikertu.

Patxi Arratibelek salatutako torturen inguruko Europako zigorra 2015ean iritsi zen, eta urtebete geroago Xabier Beortegirena. Kasu bietan, torturak ikertu ez izana leporatu zion Espainiari. Are esanguratsuagoa izan zen Igor Portu eta Martin Sarasolarena: kasu horretan, Estrasburgoko auzitegiak urrats bat gehiago egin zuen, eta 2018an frogatutzat jo zuen ETAko bi kideek tratu txarrak pairatu izana. Kasu guztietan, Grande-Markasla zen epaile arduraduna.

2021ean, berriz, Estrasburgok Espainia zigortu zuen Iñigo Gonzalez Etaiok salatutako torturak ez ikertzeagatik. Ekinen kontrako polizia operazioan atxilotu zuten Gonzalez, 2011n, eta Grande -Marlaskak zuzendu zuen operazio hori.

«Beste aldera» begiratu

EAJren EBBko presidente Itxaso Atutxak gogorarazi dio Grande-Marlaskari tortura salaketak iritsi zaizkionean «beste aldera» begiratu duela edo salaketak artxibatu dituela: «Orain ez da epailea, ministroa da, baina baditu erantzukizunak horrelako adierazpenak egiten dituenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.