Hautetsiek tokia harturik, lanerako prest da Euskal Elkargoa

Uda honetan instituzioaren finantzen egoera aztertuko dutela iragarri du Iriart lehendakariak. Gobernantzaz eta lurralde antolaketaz gain, ura, hondakinak eta garraioa lehenetsi ditu.

Euskal Hirigune Elkargoko bilkura, larunbat honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko bilkura, larunbat honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko ekainaren 20a
12:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Uste duzu luze iraunen duela?», egin du galdera Peio Abeberri Miarritzeko (Lapurdi) hautetsiak kafearen beha zegoela. Mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzaren ardura duen lehendakariordea izanen da Euskal Hirigune Elkargoan, abiatu berri den agintaldian. Larunbat honetan egin dute lehen bilkura Alain Iriart lehendakariak karguen banaketa erabaki ondotik. Elkargoko batzorde exekutibo berria inguruan zuela zuzendu du Iriartek bilkura: orain arte Jean Rene Etxegarai lehendakari ohiarekin ardurak zituzten hautetsiak, eta baita berriak ere; batzuk lehen lerroan, lehendakariarengandik hurbil, beste batzuk bazterretan edo gibelean. «Bitxi zait naizen lekuan izatea», zioen umorez kargudunetako batek; zaila da denen gogoak asebetetzea. «Martxa hartzen ari gara oraindik», egin du oharra Iriartek, «udaren ondoren segituko dugu, baina orain prest gara lanean hasteko». Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko dozenaka egituratan dituen ordezkariak izendatzeko izan dira delibero nagusiak. 2025eko jarduera txostena ere aurkeztu dute.

Beroaldiari buru egiteko elkargoak zer neurri hartu dituen aurkeztu du lehendakariak: elkargoaren esku diren igerilekuetara sarrera dohainik izanen da asteburu guzian; hondakindegiak goizez bakarrik izanen dira irekiak, eta ordutegi egokituak izanen dituzte; haurtzaindegietan ere neurriak hartuko dituzte astelehen eta astearterako. Hainbat herritan ere neurriak hartu dituzte eskoletan haurrei harrera egiteko. «Prestatu behar gara beroaldi honi aurre egiteko», abisatu du. Bilkura ez luzatzeko eskaera ere egin du, beroak gaina hartu aitzin amaitzeko.

Aktualitatea aipatzeko ere baliatu du Iriartek bilkura, eta, besteak beste, Frantziako Hezkuntza ministroaren iragarpena goraipatu du: baxoan hizkuntza gutxituei leku egiteko erreforma bat hitzeman du, eta euskaraz erantzundako matematikako azterketak zuzenduko dituztela erran. Iriartek oroitarazi du Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia izanen dela aste honetan; gai horiek guziak aipatuko dituzte, eragileen diru laguntzak erabakitzeaz gain.

Erabakiak, tokian-tokian

2025eko kontuak onartzea izan da larunbat honetan izan duten lan nagusietako bat; ontzat eman dituzte aho batez. Iriartek erran du uda honetan aztertuko dutela elkargoaren finantzen egoera. Lurraldeetako elkargoek Frantziako Estatutik jasotzen duten ekarpena apaltzen ari da urte batetik bestera, eta egoera «berezia» dela aitortu du lehendakariak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko finantza publikoen zuzendaritzarekin hitzarmena izenpetu berri dute, eta horrek «elementu objektiboak» emanen dizkietela espero dute elkargoan. Irailetik aitzina erabakiko dute zenbat sos ematen duten leku bakoitzean proiektuak garatzeko. 

Gobernantzaren deszentralizazioa izanen da erronka nagusietako bat, baita lurralde antolaketa ere. Larunbat honetako bilkuran, tokian-tokian lantzen ari diren herriarteko hirigintza planei buruzko solasak ere izan dituzte. «Baditugu hiru dosier garrantzitsu ere: uraren kudeaketa, hondakinena, eta garraioan ere hasiak gara aztertzen gure inbertsioak noiz eta non eginen ditugun. Gai nagusietan sartuko gara, baina horretarako gara hor. Uste dut hautetsiak prest direla lanean aritzeko elkarrekin».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA