Instituzioek eta gizarte langileek ez dietela laguntzarik eskaini salatu dute Oxigrafetik etxegabetutakoek

Donostiako Oxigrafeko pabiloitik kanporatutakoek eta Hiritarron Harrera Sareko kideek azaldu dute «premiazkoa» dela etxegabetuek bizilekua izatea.

Oxigrafetik kanporatuak eta Hiritarron Harrera Sareko kideak, pabiloiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oxigrafetik kanporatuak eta Hiritarron Harrera Sareko kideak, pabiloiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Urrestarazu
Donostia
2026ko ekainaren 5a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar pertsona kanporatu zituzten maiatzaren 22an Donostiako Oxigrafeko pabiloitik; eta bi aste pasatu ondoren, etxegabetutakoek eta Hiritarron Harrera Sareak salatu dute ez dietela «bizileku baliabiderik» eman. Gainera, azaldu dute Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuak haiengana «noiz hurbilduko zain» daudela. 

Oxigraf Donostiako Herrera auzoan hutsik dagoen lantegi bat da. Haren atarian hitz egin dute gaur lau etxegabek eta Hiritarron Harrera Sareko bi kidek, eta adierazi dute «premiazkoa» dela etxegabetutakoek bizileku bat izatea. Horregatik, Ainhoa Unanue Hiritarron Harrera Sareko kideak «kanporatu dituzten pertsonei alternatiba zintzo eta eraginkorra» aurkezteko eskatu die Donostiako Udalari eta beste instituzioei.

Ane Gerendiain harrera sareko kidearen arabera, hiru pertsona zeuden eraikinean Polizia iritsi zenean, beste bizilagunak «formakuntza ikastaroak» egiten ari baitziren. Gainera, salatu du bi pertsona Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituztela: «Normalean kanporatze aginduari buruzko espediente bat irekitzen dute, baina kasu honetan ez zen horrela izan, bi mutilek ezohiko erregularizazioaren eskaera aurkeztua zutelako». Ordu gutxi batzuk geroago aske utzi zituzten biak.

A.A. 49 urteko marokoarra da, eta fabrikan zegoen maiatzaren 22an poliziak fabrika hustea agindu zienean. Hark kontatu duenez, etxegabetzea 08:30ean izan zen: «Poliziek esan zidaten ezin nintzela mugitu, ezin nuela ezer egin, ezin genituela gure gauzak hartu». Aurpegia estalita darama, bisera eta maskara bat jantzita, nor den identifikatu ez dadin, hitz egin duten beste etxegabeek bezala. 

A.A. fabrikazio mekanikoa ikasten ari da Errenterian (Gipuzkoa), Don Bosko Lanbide Heziketako ikastetxean, eta euskara eta gaztelera ikasten ari da: «Goizean eta arratsaldean joaten naiz ikastera, eta ez daukat denborarik lo egiteko toki baten bila aritzeko». Esan du «asko gustatzen» zaiola herrialde hau, eta ez duela kalean bizi nahi. Marokokoa da, eta 2017an etorri zen Europara. Bi urte eta erdi daramatza Donostian.

B.K. ere Oxigrafen zegoen Poliziak kanporatu zituenean. Ukrainarra da, eta duela lau urte iritsi zen Donostiara: «Inork ez zigun jakinarazi pabiloia hustuko zutela egun hartan, Poliziak esan zigun jakinaraziko zigutela noiz izango zen».

Horrez gain, B.K.-k salatu du pertsona batek oraindik fabrikan dituela bere gauzak, baina «ez duela baimenik horiek jasotzeko». Pabiloi abandonatuaren ate handian adreiluzko harresi bat dago, eta bi metro pasako altuera du, inor sar ez dadin.

Argitu du inork ez diela galdetu ea baldintza hobeetan bizi nahi duten, «egunkari batean hori agertu zen arren»: «Egunkari horretan jartzen zuen kalean bizi nahi zutela, eta nik ez dut kalean bizi nahi duen inor ezagutzen». Gainera, salatu du «instituzioek eta gizarte langileek» ez diotela laguntzarik eskaini, eta beste eraikin abandonatuetan lo egin behar izan duela.

Polizia bi aldiz joan zen Oxigrafera pabiloia hustu aurretik. Hori azaldu du Z.T.-k. 29 urteko marokoarra da, etxerik ez du, eta urtebete darama Donostian bizitzen: «Lehenengoan, hatz-markak hartu zizkiguten; bigarrenean, goizeko lauretan etorri ziren; eta, hirugarrenean, kaleratu egin gintuzten». Salatu du bizileku baimenik gabe «oso zaila» dutela lana lortzea eta gizarteratzea. «Guk gizarteratu eta lan egin nahi dugu. Zergatik jasotzen dugu tratu gizagabe hau?», galdetu du.

Hainbat kanporatze azken hilabeteetan

Azken hilabeteetan hiru eraikin hustu ditu Poliziak Donostian. Iazko abenduaren 4an, ehundik gora poliziak 111 pertsona kanporatu zituzten Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharretik. Urtarrilaren 26an, Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu zuten, eta bertan bizi ziren 31 lagun etxegabetu zituzten. Azken etxegabetzea maiatzaren 22an egin zuten, hamar lagun kanporatu baitzituzten Herrerako Oxigraf pabiloi abandonatutik.

Unanuek azaldu duenez, lau pertsona «abian dagoen erregularizazio prozesuan murgilduta» daude, bostek bukatzear dituzte hizkuntza ikastaro eta ziurtagiri profesionalerako formakuntzak, eta beste gazte batek egoitza eta lan baimena dauzka. 

Gehitu du pertsona batek «zaurgarritasun egoera berezia» duela, hiru etxegabetze horietako biktima izan baita. M.F. 40 urteko marokoarra da. Duela hamalau hilabete iritsi zen Donostiara, eta kalean bizi da fabrika hustu zutenetik. «Etxeko elektrizitatea» ikasten ari da, eta gaztelera ikasten ari da. «Etxebizitza izateko eskubidea bermatzen duen gizartea nahi dut, arrazakeriarik gabekoa».

Unanuek komunikazio bidea irekitzeko ere eskatu die instituzioei, eta «eskuragarri dauden baliabideak berrikusteko», adibidez, Donostiako La Sirena aterpetxea. Izan ere, Gerendiainen esanetan, gizarte zerbitzuek ez diote oraindik erantzun Harrera Sareak duela astebete bidalitako gutun elektronikoari. 

Horrez gain, Unanuek eskatu du «bizi baldintza duinak bermatuko dituen kudeaketa integral eta planifikatua» abiatzeko. Azpimarratu du Hiritarron Harrera Sareak «konfiantza» duela kudeaketa publikoan, eta itxaropena duela «konponbiderako proposamen bat» jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE