edurne begiristain

Instituzioen utzikeria

2026ko maiatzaren 27a
17:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

URSSA eta EGA fabriketan gertatutakoak agerian utzi du administrazioek eta segurtasun indarrek etxegabeei eta migrazioari ematen dieten erantzunaren norabidea: kontrola, jazarpena eta irtenbide duinik eza. Polizia operazio erraldoi baten bidez, dozenaka pertsona identifikatu dituzte, dokumentazioa kendu diete zenbaiti, eta beldur giroa hedatu dute, baina inork ez du oraindik azaldu zer alternatiba eskainiko dieten bertan bizi diren pertsonei.

Lekukotzek erakusten dute eraikin abandonatuetan bizi direnek ez dutela beste aukerarik. Pobrezian eta guztiz bazterturik bizi dira —gehienak migratzaileak dira, eta batzuk erregularizazio prozesuan daude—, eta kale gorrian, arratoi artean eta oinarrizko zerbitzurik gabe bizitzera behartu dituzte erakundeek. Batzuek urteak daramatzate egoera horretan. Gizarte Zerbitzuetako langileek salatutako «etengabeko jazarpena» ere larria da oso: identifikazioak, goizaldeko miaketak edota dokumentuak kentzeak pertsona horien egunerokoa baldintzatzen dute, etengabe mehatxupean biziaraztera behartuz. Eta, horrek, berez, erakusten du instituzioen porrota eta utzikeria.

Fabrika abandonatuetan bizi direnen auziak galdera asko sorrarazten ditu, baina galdera nagusia zera da: instituzio batek Polizia bidaltzen badu arratoi artean bizi diren pertsona batzuei jazartzera, irtenbide duinik eman gabe, zer asmo du erakunde horrek? Herenegun, Errekaleor Bizirik proiektuaren aldeko eragileek Vox alderdiaren diskurtsoa bere egitea leporatu zieten instituzioei, eta, gaur, fabriketako bizilagunek migranteen eta etxegabeen kriminalizazioa salatu dute. Biek ala biek bete-betean asmatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE