«Izanen da [Ipar Euskal Herriaren] onarpena Errepublikaren partetik; estatuaren izenean ministerioak ezagutuko du, eta orain eskaerari erantzungo dion egitura instituzional egokiena aurkitzeko lana eraman behar dugu». Horiek izan ziren deszentralizazioaz arduratzen den ministroak, Marylise Lebranchuk, Ipar Euskal Herritik atzo Parisko bilerara joandako ordezkaritzari errandako hitzak.
Pozik, baikor eta itxaropentsu atera ziren atzo goizean ministerioan egin zen bileratik Jean Jacques Lasserre (Modem), Frederique Espagnac (PS), Sylviane Alaux (PS), Jean Lassalle (Modem) eta Colette Capdevielle (PS) parlamentariak, Max Brisson (UMP) eta Jean Mixel Galant (AB) hautetsiak eta Jean Baptiste Etxeto eta Battitta Boloki Garapen Kontseiluko ordezkariak.Deszentralizazioaren erreformaren barnean Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, euskal lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko eskatu zioten Euskal Herritik joandako ordezkariek Lebranchu ministroari.
«Uste dut lehen aldikoz hain azkar eta hain garbi erran duela Lebranchuk Euskal Herriak ezagutzabehar duela eta ezagutuko duela eta instituzionalki urrats berriak egitera doala», azaldu zuen bertan egon zen Jean Mixel Galant Azkarateko auzapez abertzaleak.
Esperantza giro horren erdian, Jean Jacques Lasserre senatari eta Hautetsien Kontseiluko presidentea eta Frederique Espagnac senataria egon ziren, nonbait ilusioa neurtu nahian eta oroitarazten errealitatea ez dela hain erraza. « Badu hogei urte lanean ari garela Ipar Euskal Herrian, badu bi urte pays egituraren bilakaeraz gogoetatzen gabiltzala, baina jakin behar da Parisen ez dela batere egunero aipatzen den gaia», azaldu zuen Espagnacek.
Lasserrek ere mezu bera eman zuen: «Oso baikorki hartu dugu deszentralizazioaz arduratzen den ministroak erakutsi arreta, baina ikusi dugu ere gure eskaerak duen zailtasuna, Frantziako paisaia instituzionalak ez duelako baitezpada ahalbidetzen».
Ateak, dena den, ez dira itxiak, hori baikorra da, baina ez da oraingoz euskal lurralde elkargoa irabazia. Hori izan zen bi senatariek eman nahi izan zuten mezua.
Atea itxirik ez aurkitu izanak zuen guztien esperantza elikatu atzo. «Ezagupen instituzionalaren bidean lehen pauso bat dugu gaurkoa, atea irekirik dugu eta orain eskuz esku lanean jarraitu behar dugu, proposamen konkretuak eginez, eskatzen duguna lortzeko gisan», Espagnacek adierazi zuenez.
Hiru hilabete, prestatzeko
«Nahikeria sentitu da baina oraino anitz dago egiteko», azaldu zuen Galantek. Hautetsien Kontseiluaren eskaera gauzatzeko asmoz, elkarrekin lanean aritzeko nahikeria sentitu zen bi aldeetarik.
Lasserrek zehaztu zuenez, «eskaerari erantzungo liokeen tresna aurkitzeko gogoetan segitzeko nahikeria erakutsi zien Lebranchu ministroak.
Azkenean, atzoko mezuetariko bat hau dela laburbildu zuen Lasserrek: «Gogoeta, solasaldia eta harremana segitzeko deia egin digu».
Deiari baikorki erantzun eta horretan ariko dira ondoko hiru hilabeteetan. Zentzu horretara joanez, 2013. urtearen hastapenean Ipar Euskal Herrira joango dela jakinarazi zien deszentralizazioaz arduratzen den ministroak. Hautetsien Kontseiluaren gogoeta aberasteko ikerketa egin berri duten Jean Gourdou eta Jean-Pierre Massias zuzenbideko irakasleekin biltzea ere proposatu zioten Lebranchuri eta ministro frantziarrak onartu egin zuen eskaintza.
2013. urteko hastapenean Frantziako Parlamentuan bozkatuko duten deszentralizazioaren lege proiektuan Ipar Euskal Herriaren aipamena sartuko duenik haatik ez zuen segurtatu ministroak. Hori lortzeko asmoz, buru belarri ariko da lanean Hautetsien Kontseilua. «Koadro juridikoa adostu behar dugu orain, eta horri lotuko gatzaizkio», Espagnacen hitzetan. Eskumenei buruz eta batez ere ahal finantzarioei buruzko proposamen bat lantzeko beharra azpimarratu zien Lebranchuk euskal ordezkariei.
«Egindako lanaren fruitua»
«Nahikeria» eta «koherentzia» islatu nahi izan zioten hautetsiek atzo Lebranchuri. Hain zuzen, UMPtik ABra, tartean sozialistak eta zentristak zeudela, guztiek mezu bera entzunarazi zioten: Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiren gaurko egituraketa baino «harago joan beharra dago» eta lurralde elkargoaren hipotesia aztertu behar da. Aldarri bera egin arren, bakoitzak hartu ahal izan zuen hitza bileran. Guztira, ordu bat eta erdi iraun zuen bilkurak. Aitzinetik Parisko taberna batean guztien artean bilkura prestatzen egon ondoan, 11:20ean agertu ziren ministeriora; taldean, hitzorduak zuen garrantziaz kontziente zirela nabari zela haien aurpegian.
«Egin dugun lan guztiaren fruitua da gaurkoa», Galanten hitzetan. Hain zuzen, Hautetsien Kontseiluaren baitan adostasun orokor bat aurkitu nahian dabiltza lanean hastapenetik. Euskal lurralde elkargoaren hipotesia aztertzearen inguruan lortu zuten gehiengo argia. Proposamenarekin bat egiten dute Hautetsien Kontseiluko %75ek. 72 kidek osatzen dute elkartea, baina 58k dute haien postura argitzea onartu, eta horietan 45 dira alde agertu. Garapen Kontseilua ere alde agertu zen apirilean egin biltzar nagusian.
Duela lau urte hasi gogoeta
2008ko otsailean hasi zuten gogoeta, Pays egituraren desagerpenaz kezkaturik. Hain zuzen, lurralde berrantolaketaren proposamena aurkeztu zuen Nicolas Sarkozy orduko Frantziako presidenteak, eta han aipatzen zen Pays-en bukaera. 2009ko otsailean ordezkaritza bat bildu zen Edouard Balladur erreforma zeraman batzordeko buruarekin. Ondotik, hainbat urrats egin ziren Parlamentuan, Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aipatzeko. Besteak beste, Daniel Poulou diputatuak hitza hartu zuen, erreformari buruzko hiru aldaketa proposatu zituzten...
2011ko urrian, gobernantzari buruz gogoetatzeko bide-orri bat adostu zuten Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak. Lan taldeak abiatu ziren, eta bi legelarien esku utzi zuten egituraketa moldeak ikertzeko lana. Bide-orri horretako pauso berria eman zen atzo Parisen, Ipar Euskal Herriaren ahotsa entzunaraziz.
Lurralde egituraketa. Bilera Parisen
Ipar Euskal Herriaren «onarpena» aipatu die Lebranchu ministroak
Ipar Euskal Herriaren onarpena dakarren egitura instituzionalaz gogoetatzeko nahia agertu du Deszentralizazio ministroakEsperantzaz beterik atera da Hautetsien Kontseilua ministerioan ukan bileratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu