Ipar Euskal Herriko ordezkaritza, Bake Bidea eta Bakegileak bi urteko lanaren balorazioa egiten ari dira. Jakinarazi dutenez, Frantziarekin adostu dute emakumezko euskal presoak Bretainiako Roazhongo espetxean elkartzea, haiek ados badaude. "Epe motzera begira, emazteak ez dira hurbilduak izanen, baina adostasuna bada Roazhongo (Rennes) presondegian emazte guziak batzeko, gogoa baldin badute". Gizonezkoak Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen (Okzitania) elkartzen ari dira, eta horreta jarraituko dute.
Zortzi euskal preso emakumezko daude Frantziako Estatuan, guztiak Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Akitaniako espetxeetan ez dago emakumeentzako modulurik.
Hurbilketak 3 etapatan : 2018ko martxoa-2018ko ekaina 14 gizon hurbildiak izan dira Mont-de-Marsan et Lannemezaner, 2018 uztaila – 2018 iraila, 10 gizon eta 2019 maiatza - 2019 urria 5 gizon. #OrainPresoak
— Bake Bidea (@BakeBidea) October 4, 2019
Mapa 2017 eta 2019 pic.twitter.com/oPKx3KfmTx
Konponbide orokor eta behin betiko baten perspektiban ari dira lanean, eta gogoera ekarri dute lehen etapan daudela, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak bukarazi nahian: hurbilketak, DPS estatusak kentzea, baldintzapeko askatasuna eta preso eriak.
DPS estatusari dagokionez, 2017ko uztailetik 2018ko maiatzera bederatzi DPS kendu dira, edo ez berritu: eta 2018ko maiatzetik, 16 DPS.
Baldintzapean aske geratzeko eskerak 11 izan dira; bi ez dituzte onartu, bost ez dituzte aztertu —zigor bukaera hurbilegia argudiatuta—, eta lau daude oraindik aztergai: Haramboure, Beyrie, Esnal eta Areitio.
Bi suspentsio eskaera egin dituzte. Oier Gomezi onartu egin zioten, eta 2017ko apirilaren 26an askatu zuten; 2019ko urtarrilaren 26an zendu zen. Ibon Fernandez Iradik ere eskatuta dauka, baina ez diote erantzun oraindik; erabakia urriaren 30an emanen dute.
Justiziaren erabakiei dagokienez, "aitzina pauso oso garrantzitsuak baina noizbehinkakoak" izan direla salatu dute. Hala ere, epaileek "jarrera arrunt izoztua" dutela salatu dute, eta ohartarazi die "beraiek bete beharko luketela eginkizun hori".
Funosasek fiskaltza orokorraren jarrera salatu du, eta esan du etapa berri bat abiatzeko garaia dela . Azaroaren 2an elkartuko dira eragile guztiak bigarren etapa "kontsentuz" aktatzeko. "Ez gara bidearen bukaeran; Baionako Adierazpena aktualizatu behar dugu, eta prespektibei gogoetatu behar dugu".
Michel Veunac, Emilie Dutoya, Max Brisson, Jean Rene Etxegarai, Anaiz Funosas, Mixel Berhokoirigoin, Vincent Bru, Frederique Espagnac eta Alice Leizeagezahar agertu dira prentsaren aurrean, besteak beste, eta Funosasek eta Berhokoirigoinek hitz egin dute.
Funosasek nabarmendu du egin duten ibilbidea ez zela posible izango hautetsien "inplikazioa" eta gizarte zibil "aktibo eta motorra" gabe , eta eskertuta agertu da haiekin guztiekin.