Iparragirre Alcala Mecotik atera dute, eta Arrasaterako bidean da

gotzon hermosilla
2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ibon Iparragirre preso ondarroarra berehala iristekoa da Arrasateko Aita Menni erietxera (Gipuzkoa), Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k argitaratutako informazioaren arabera. Joan den astean jakinarazi zieten Iparragirreren abokatuei presoa aste honen amaieran iritsiko zela Arrasatera, datarik eman ez bazieten ere. Jadanik Alcala Mecotik atera dute.

Iparragirreren ama Angelita Burgoak baieztatu zion Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri presoa atzo 17:00etan atera zutela Alcala Meco espetxetik. Semearekin telefonoz hitz egin zuen Burgoak, eta, haren hitzetan, Iparragirre «urduri eta susmo txarrekin» zegoen. Lekualdatzea egiteko moduaz oso kezkatuta agertu da Burgoa.

Antza denez, asmoa zen Iparragirre Madril inguruko beste espetxe batera eramatea eta gaur Zaballako espetxera (Araba) lekualdatzea, Arrasateko Aita Menni erietxera ekarri aurretik.

Gaixotasun larria du Iparragirrek, eta hil edo bizi dago, behin eta berriro egindako mediku proba guztiek erakutsi dutenez. Presoa aske uzteko eskatu dute haren abokatuek behin baino gehiagotan, baina Espainiako Auzitegi Nagusiko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ez du aintzat hartu eskaera, «horretarako baldintzak» betetzen ez zituela eta «berriro delitua egiteko» arriskua zegoela iritzita. Horren ordez, beste neurri bat ezarri zuen Castro epaileak: Iparragirre Arrasateko Aita Menni erietxera bidaltzeko agintzea.

Erietxean egonda ere, preso atxikiko dute Iparragirre, bigarren graduan. Presoaren senitartekoek, Etxerat elkarteak eta abokatuek «xantaia» iritzi zioten epailearen erabakiari Bilbon egindako agerraldian, baina, besterik ezean, ontzat eman zuten, bazekitelako helegitea jartzekotan presoa orain arte bezala Alcala Meco espetxean atxikiko zutela, baldintza kaskarragoetan. Hala ere, iragarri zuten «lanean» jarraituko zutela Iparragirre etxean egon arte.

Foro Sozialaren ekitaldia

Foro Sozial Iraunkorrak mahai ingurua antolatuko du datorren astean, urtarrilaren 25ean, Oiartzungo Udalarekin batera (Gipuzkoa). Preso eta iheslarien bergizarteratzea eskubide sozial eta zibil osoen jabe izanda izango da mahai inguruaren gaia.

Hizlariak Coiste Ipar Irlandako preso ohien elkarteko ordezkariMichael Culbert eta Harrera elkarteko Juan Karlos Ioldi izango dira, eta ekitaldia Oiartzungo Udaleko batzar aretoan egingo dute, 18:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.