Iparragirreren egoera larria dela dio epailearen aginduz egindako azken txostenak

Madrilgo medikuen elkargoko kide batek osatutakoa da. Aske uzteko baldintzak betetzen direla nabarmentzen du. Fiskalaren iritzia falta da

enekoitz telleria sarriegi
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ibon Iparragirre euskal presoaren egoerari buruz azken asteotan egindako hirugarren txostena da. Madrilgo medikuen elkargoko kide entzutetsu batek egin du—espetxeko forentseek egindakoak ziren aurrekoak—, eta Espetxeko Zaintzako epaile Jose Luis Castrok berak eskatu eta «erabakigarritzat» jotakoa da.

Zera dio txostenak: Ibon Iparragirreren gaixotasuna —hiesa du, C-3 estadioan— «larria eta sendaezina dela», espetxean jarraitzeak «okertu» egin duela haren egoera, eta araudiko 104. eta 192. artikuluak aplikatu eta aske uzteko baldintza guztiak betetzen dituela. Txostena atzo iritsi zen Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta bistilla batean aztertu zuten Jose Luis Castro epaileak, Iparragirreren abokatuak eta fiskalak —ez, ordea, Iparragirreren auzia daraman fiskal berberak—. Auzia daraman fiskalari gaur iritsiko zaio txostena, eta bi egun izango ditu erantzuteko. Bihar erantzungo balu, ostiralean kaleratuko luke epaileak autoa. Ostiralean erantzungo balu, astelehenean. Behin autoa kaleratuta, bost eguneko epea dute bi aldeek helegiteak aurkezteko. Iparragirreren abokatuek BERRIAri adierazi diote «oso zail» duela oraingo fiskalak ezezkoa ematea. Eta autoa aldekoa balitz prozedura «berehala» jarriko litzatekeela martxan.

Izan ere, Castro epailea berak agindu zuen duela aste gutxi aurreratua uzteko Iparragirre aske utzi ahal izateko prozedura administratibo guztiak —haren osasun egoera oraindik gehiago okertuko balitz, urgentziaz aske uzteko—. Kontua da espetxeko mediku forentseek aurretik egindako bi txostenetan ere nabarmentzen zela Iparragirreren egoeraren larria, baina Alcala Mecoko forentseak egindako txostena «kontraesanezkoa» begitandu zitzaion epaileari, eta Madrilgo medikuen elkargoari agindu zion egiteko hirugarren txosten «erabakigarri» bat.

Zortzi orriko txostena osatu du medikuen elkargoko kideak. Ibon Iparragirrek espetxez espetxe egindako ibiliaren eta horietan jasotako osasun txostenen errepasoa egiten du, haren defentsek izandako beherakada nabarmendu, eta egoeraren larriaz ohartarazi. Txostenak argi uzten du egoera larri hori espetxeko bizi baldintzek areagotu dutela, eta beste edonorentzat arriskutsuak ez diren infekzioak «erabat arriskutsuak» direla Iparragirrerentzat. Haren bizi itxaropenari buruz dio ezin dutela aurreikusi egoera terminalera egun, hilabete edo urteen buruan iritsiko den, baina orain bezala jarraitzeak «bizkortu» egingo duela egoera.

Sorturen eskaria

Sortuk ohar baten bidez nabarmendu du txosten horrek ez duela «duda izpirik» uzten Iparragirreren egoerari buruz, eta «txostenaren sendotasuna dela-eta» epaileak preso ondarroarra bere etxera bidaltzea espero eta desio dutela. «Hala ere, azken hitza instantziako epaitegiek dutela kontuan hartuta, gertaerak zuhurtziaz jarraitzea eta gertakariak egintzat ez ematea komeni dela nabarmendu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.