Baiona Palestinarekin kolektiboak 'Yadan legearen' kontra mobilizatzera deitu du ekainaren 20rako, Baionan

Israelgo Estatuaren kritika eta antisemitismoa parekatzen dituen lege proposamena Frantziako Estatu Kontseiluari helarazia dio gobernuak. Palestinaren aldeko militantzia kriminalizatzea salatu du kolektiboak.

'Yadan legea' salatzeko manifestazio bat, apirilean, Baionan, EHKSren eskutik. PATXI BELTZAIZ
'Yadan legea' salatzeko manifestazio bat, apirilean, Baionan, EHKSren eskutik. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko ekainaren 12a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yadan legeari ez! lelopean elkarretaratuko dira ekainaren 20an, Baionan, Baiona Palestinarekin kolektiboak deiturik. Hain zuzen ere, Israelgo Estatuaren kritika eta antisemitismoa parekatzen dituen araua bozkarazi nahian dabil Frantziako Gobernua: zenbait tentsio politikoren ondorioz, legearen boza gibelatu behar izan zuten apirilean, lege proposamen berritu bat aztertu ahal izateko ekainean. Azkenerako, gobernuak jakinarazi du delako lege proposamena Frantziako Estatu Kontseiluari helarazi zaiola eta uztailaren lehenean aztertuko duela ministroen kontseiluak.

Baiona Palestinarekin kolektiboak «testu horren guztiz aurka» dagoela berretsi gogo du ekainaren 20ko manifestazioan, «askatasun suntsitzailea» delakoan. Hain zuzen ere, antisemitismoa eta Israelgo Estatuaren kritika parekatzen zituen apirilean aurkeztutako legeak. Horrela abiatzen zen aztertzekoa zuten Yadan legea: «2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen kontra eginiko eraso terroristaz gero, Frantzia —Mendebaldeko beste hainbat herrialde bezala— antisemitismoaren gorakada jasanezin bati aurre egiten ari zaio». Testuinguru hori abiapuntu harturik, beraz, lege berri bat proposatu nahi lukete, «antisemitismo forma berriak borrokatzeko».

Palestinaren aldeko hainbat kolektibok salatu dute arriskutsua litzatekeela halako lege bat, Israelen kritika eta Palestinaren aldeko militantzia kriminalizatuko bailuke kasik automatikoki. Baiona Palestinarekin kolektiboaren ustez, zehazki, «sionismoari eta Israelgo Estatuari buruzko kritika oro juduen kontrako gorrotoarekin berdintzen du» legeak. Argi diote, beraz, ez dutela onartuko «palestinar herriarekiko elkartasuna mehatxu, zentsura edo intimidazio bidez isilarazteko saiakerarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE