Ipar Euskal Herriko bost herritarretik lau euskal lurraldeen arteko harremanak indartzearen alde daude, Naziometroaren arabera

Naziometroaren arabera, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean indartu egin da erabakitzeko eskubidea izateko nahia azken bost urteetan; aldiz, apaldu egin da erreferendumaren aldekoa.

Miarritze erdiguneko karrika bat. Herritar anitzentzat ezinezkoa bilakatua da bizitegi bat eskuratzea. GUILLAUME FAUVEAU.
Miarritze erdiguneko karrika bat. GUILLAUME FAUVEAU.
aitor biain
2025eko abenduaren 12a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urte bete ditu Naziometroak, Telesforo Monzon laborategiaren eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen tresna estatistikoak. Urteurren hori baliatuta, urte hauetan bildutako datuak eta joerak aztertu zituzten joan den urrian Bilbon egin zuten jardunaldian. Orain, ordea, argazki horri lupaz begiratu nahi izan diote, lurralde bakoitzaren berezitasunez jabetzeko. Ipar Euskal Herriko datuetan egin dute gaur azpimarra, eta, besteak beste, ondorioztatu dute nabarmena dela lurraldeen arteko kohesioa handitzearen aldeko jarrera.

Are, Euskal Herria bere osotasunean hartuta baino handiagoa da nahi hori Ipar Euskal Herrian. Zazpi lurraldeetan %58k erantzun zuten «harreman politiko gehiago» izatearen edo «erakunde bateratu edo partekaturen bat sortzearen» alde zirela. Iparraldean, berriz, %77 daude horren alde. Bestela esanda: Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean bost herritarretik ia lau dira loturak indartzearen aldekoak. Aldea are handiagoa da kontrako jarreran: nork bere aldetik jarraitzea nahi dutenak ia %30 baitira Euskal Herrian; %6,4, Iparraldean.

Lurraldeen arteko artikulazio hori handitzeko bidean hezkuntza izan daiteke modu bat, galdeketak erakutsi baitu integrazioaren aldekoak direla gehienak. Hiru administrazioen arteko erakunde bateratu bat eratzearekin ados edo oso ados dira galdekatutakoen erdiak baino gehiago, hala Ipar Euskal Herrian, nola Euskal Herrian. Kontrako iritzia dutenak, berriz, gutxiengoa dira: %10,5.

Joera hori agerikoagoa da eduki batzuk bateratzeari buruz galdetzerakoan. Ipar Euskal Herrian %68 inguruk curriculum bateratuaren alde egiten dute; %63 inguru dira Euskal Herrian. Aurkako jarrerak, berriz, oso txikiak dira: %6,8 eta %10,4, hurrenez hurren.

DATUAk

%54,7

Ipar Euskal Herrian zenbat dauden hezkuntza erakunde bateratu bat eratzearen alde, EAEren, Nafarroaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren artean harremanak indartzeko helburuz.

%68

Zenbat dauden curriculum bateratuaren alde. Hiru administrazioek eduki batzuk adostu beharko lituzketela iritzi diote gehienek Ipar Euskal Herrian.

Osasun sistemari dagokionez ere, bat egitearen aldeko hautua da nagusi, hala Euskal Herrian (%50,4) nola Iparraldean (%43). Nork bere sistemarekin jarraitzea nahiago dutenak, ostera, gehiago dira Iparraldean (%37,6) Euskal Herrian baino (%30,6). «Nabarmena da Ipar Euskal Herrian lurralde kontzientzia oso sendoa dela», ondorioztatu dute ikertzaileek, hain zuzen ere, hamarretik zazpik aitortzen baitute Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela.

Erabaki nahia, indartzen

Erabakitzeko eskubideari buruz, aurkia eta ifrentzua erakuste dute datuek. Izan ere, Ipar Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan behar ote duen galdetzean, oro har, aldekoak dira gehienak. Azken bost urteetan indartu egin da joera hori gainera: puntu bat egin du gora. Ordea, joera kontrakoa da legezko erreferendumari buruz galdetzerakoan: hamabost puntu egin du behera.

Zehazki, 2020an Ipar Euskal Herriko herritarren %75,2k uste zuten Frantziako eta Espainiako estatuek onartu egin beharko luketela euskal herritarrek erreferendum baten bidez erabakitakoa; Euskal Herrian %65,8k zuten iritzi hori. 2024an, baina, %66,3ra apaldu zen datua, eta aurten beste koska bat egin du behera, %60,7raino. Edozelan ere, oraindik gehiengoa dira galdeketa adostu baten aldekoak kontrakoak baino; izan ere, erreferenduma debekatu beharko luketela uste dutenak %24,3 dira Iparraldean.

Euskal estatuaren inguruan, ordea, «jarrera eszeptikoa» da nagusi, eta horren inguruko iritziak apenas izan duen aldaketarik azken bost urteetan. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean independentziaren aldekoak %18,9 dira: azken urteetako daturik apalena da. Kontra daudenak, ostera, %48,4 dira. Kopuruak oso antzekoak dira Euskal Herriko datuak bere osotasunean hartuta (%22,3 dira).

DATUak

%18,9

Zenbat dauden independentziaren alde Ipar Euskal Herrian. Azken urteetako daturik apalena da. Kontrara, gora egin du jarrera argirik ez dutenen kopuruak: ia %40ra iristen da jarrera finkorik ez dutenen multzo hori.

%41,9

Euskal estatu batek egungo erronka ekonomiko eta sozialei «hobeto» edo «askoz hobeto» erantzungo liekeela uste dute.

Nolanahi ere, independentziaren inguruko kontrakotasun hori leunagoa da galdera modu zabalagoan egiten denean, Naziometroak euskal estatuaren aukeraz ere itauntzen baitie herritarrei galdeketetan. Galdera horren emaitza irregularragoa izan da azken urteetan. Oro har, euskal estatua nahi dutenak gehiago badira ere, azken inkestan parean dira aldekoen eta kontrakoen multzoak: %30,6 eta %30,2, hurrenez hurren.

Baina, Euskal Herriko datu orokorrekin gertatu bezala, Ipar Euskal Herrian ere gora egin du jarrera argirik ez dutenen kopuruak. Egun, euskal estatuari buruzko auzian abstentziora joko luketenak eta erantzunik ematen ez dutenak batuta, ia %40ra iristen da jarrera finkorik ez dutenen multzo hori.

Dena den, %41,9k uste du euskal estatu batek «hobeto» edo «askoz hobeto» erantzungo liekeela egungo erronka ekonomiko eta sozialei. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko herritarren %27k uste dute egungo erakundeek eskumen gehiago behar dituztela, galdekatutakoen erdia oraingo egoerari eustearen aldekoa bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.