Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Arantza Gonzalez. Irabaziren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Irabazik ez du inoren aurkako politika baztertzailerik sustatuko»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiarekin batera prentsaurrekoa eman ostean hartu du BERRIA Arantza Gonzalezek (Beasain, 1964), Donostiako egoitzan.

Zer aurreikuspen du Irabazik foru hauteskundeetarako?

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egoteko itxaropen handia daukagu. Eta udal batzuetan ere egongo garela uste dugu: Pasaian, Zarautzen, Errenterian, Eskoriatzan, Donostian, Deban... Udaletan egoteko gutxienez botoen %5 behar dira; Batzar Nagusietan egoteko, %3. Baikor gara.

Duela lau urte %2,68ko babesa lortu zenuten Gipuzkoan.

Kanpoan ozta-ozta geratu ginen, beraz, boto gutxigatik [EAEn EB zatitu egin zen gero]. Orain hautagaitza indartsua dugu, IU-Ezker Anitzak, Equok eta Alternativa Republicanak indarrak batu dituztelako. Gainera, independenteak ere badira.

Zer egin nahi duzue?

Gaurko sistemarekin ados ez gaudenok elkarlana izan behar dugu. Ezkerrekook indar politiko handia izatea beharrezkoa da, botere ekonomikoek izugarrizko indarra dutelako gaur egun. Oso argi dugu hau klase arteko borroka bat dela. Langileok gara gehiengoa, baina botere haiei aurre egiteko fronte indartsu bat eratu beharra daukagu.

Zein dira zuen ardatz nagusiak Batzar Nagusietarako?

Fiskalitateari garrantzi handia ematen diogu. Aitortzen dugu legealdi honetan onerako izan direla aldaketa batzuk —adibidez, ondarearen zerga berriro dago—, baina erreforma fiskal baten beharrean gaude Gipuzkoan ere. Aurreko legealdian EAJk, PSEk eta PPk adostutako zerga erreforma oso-oso desegokia izan zen. Harrezkero egon dira aurrerapen batzuk, baina gehiago behar ditugu. Politika batzuk egiteko baliabide gehiago behar ditugu.

Beste ardatz garrantzitsu bat?

Zerbitzu publikoak. Aldundiak gaitasun handia du zerbitzu publikoak hobetzeko eta sortzeko. Zerbitzu sozialak indartzera jo behar da, haietan enplegua sortzeraino eguneko zentroetan eta bestelakoetan. Lanpostu haien ondorioak, gainera, oso positiboak dira gizartearentzat. Horrez gain, emakumea lan munduan txertatzeko bide emango lukete.

Beste ardatzik?

Ingurumena. Errauste plantaren aurka gaude, argi eta garbi. Bat gatoz zero zabor politikarekin. Gaikako bilketak derrigorrezkoa izan behar du.

Atez atekoa?

Sistema zehatzak baino gehiago, gaikako bilketa derrigorrezkoari ematen diogu garrantzia guk. Ondoren, eta kasuan-kasuan, ikusiko litzateke zer forma hautatu. Atez atekoa erabili da herri batzuetan, eta beste batzuetan ez. Hori bai, iruditzen zait sektore batzuetatik demagogia handia egin dela atez atekoarekin.

Hauteskundeen ondoren zein indar politikorekin ez duzue akordiorik egingo?

PPrekin.

EAJrekin?

Zail ikusten dut. Desadostasun ideologiko handia dugu EAJrekin. Ez gaude ados kutxekin egindakoarekin. Kutxabanken ereduaren aurka gaude. Fiskalitatean ere EAJren eta Irabaziren ereduak guztiz kontrakoak dira. Beste adibide bat: Markel Olanok esan du berriro abian jarriko duela errausten planta, eta gu proiektu horren aurka gaude.

EH Bildurekin zer desadostasun dauzkazue?

Identitateari buruzkoak, batik bat. Adibidez, lanpostu publiko batzuetarako derrigor euskara jakitea eskatu izan du urteotan, eta gu ez gaude ados. Jendearekin lan egin behar duten langileentzat bai eskatu behar dela euskara jakitea, baina lanpostu guztiak ez dira berdinak. Jarrera baztertzailea eduki du Bilduk halakoetan. Egoera zein den ikusiz hartu behar dira neurriak. Bestela, nahiko ona izan da Bilduk politika sozialean egindako lana, gauzak beti hobetu daitezkeen arren; adibidez, ez ditugu gustuko adingabekoen zentroak.

Batzar Nagusietan ordezkaritza lortzen baduzue, zer itun aurreikusten dituzu?

Gure bide orria programa izango da. Han daude marra gorriak.

PSE-EEk badu marra gorri bat: EH Bildurekin akordiorik ez.

Programaren arabera egingo ditugu akordioak. Ez dugu inoren aurkako politika baztertzailerik sustatuko. Gipuzkoako PSEkoei entzun diet ez dutela EH Bildurekin ezer egingo. Beraz, zer, EAJrekin egingo al dute? Baina, harekin zer egiteko? Gainera, ez gara truke joko batean sartuko; tokian tokiko programak negoziatuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.