Bradley Wiggins 2012ko Frantziako Tourraren irabazle izango dena Ganten jaio zen (Flandria), baina txikitatik Ingalaterran bizi izan da. 32 urte dauzka, 1,90 metro neurtzen du eta 68 kiloko pisua du. Bilakaera deigarria izan du bere kirol bizitzan.
Pistako probatan hasi zuen ibilia, eta hantxe eman zuen bere burua ezagutzera. 2003tik 2008ra, besteak beste, hiru aldiz izan zen olinpiar txapeldun eta lau aldiz munduko, hainbat proba desberdinetan. 2008an egin zuen errepidearen aldeko apustua.
Hasiera batean bi espezialitateak uztartzen jardun zuen arren, azken bi urteetan errepidean baino ez da ari. Erlojupekoak irabazten hasi zen —tartean Erresuma Batuko txapelketa—, eta 2009ko Tourrean ezustekoa eman eta laugarren postua lortu zuen. Geroztik, itzuli handietan arrakasta lortzera bideratu du prestakuntza. Iaz, Espainiako Vueltan hirugarren bukatu zuen.
2008tik hona zortzi kilo galdu ditu eta, hark dioenez, buruan gauza bakarra du: “Irabaztea”.