Iragarritako neurriez gain, agenda sozial eta nazionalean urratsak egiteko eskatu dio EH Bilduk Sanchezi

Aizpuruak «eraldaketa sozial eta plurinazionalerako agenda» martxan jartzeko eskatu dio gobernuburuari. Martinezek espero du gobernuaren «blokeoa» atzean geratzea.

Aizpurua, atzo, Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE
Aizpurua, atzo, Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 10a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek ustelkeriaren kontrako hamabost neurri aurkeztuta eman nahi izan zion aterabidea Cerdan auziak bazkideen artean sortu duen deserosotasunari. Jasotako erantzunetan, baina, harago joateko behar bat nabari da. ERCko eledun Gabriel Rufianek esanak laburbildu dezake nahi hori: «Erasora jo ezazu». Hau da, auzi sozial eta nazionalei erantzuten hasteko garaia dela aldarrikatu dute, uzkurtu den konfiantza hori berreskuratzeko aukera bakarra delakoan. «Fase berri bat ireki behar da, eta eraldaketa sozial eta plurinazionalerako agenda bizkortu behar du», berretsi du gaur EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak.

Egoeraren konplexutasuna eta euren deserosotasuna azaldu arren, bazkideek oraingoz ez dute zalantzan jarri Sanchezen agintaldia. Orokorrean ontzat jo dute hark ustelkeriaren kontra aurkeztutako neurri sorta. Esaterako, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Sumarreko diputatu Lander Martinezek adierazi du hura indarrean sartzea dela orain lehentasuna, eta hori «ahalik eta gehien azkartzeko» lan egingo dutela.

Halere, bada Sanchez motz geratu dela uste duenik ere. Euskadi Irratian, Aizpuruak adierazi du gustuko duela, besteak beste, ustelkeriari bide ematen dioten enpresak zigortzearen alde egitea, baina ez du uste hori nahiko denik, ustelkeria «erakunde guztietan erabat errotuta» dagoenez hari aurre egiteko neurriek ere «estrukturalak» izan behar baitute, «78ko erregimenaren» oinarriak mugiaraziz.

Ideia hori aurreko astean garatu zuen koalizio subiranistako idazkari nagusi Arnaldo Otegik. Haren hitzetan, fase bat bukatu da —«jada ez du balio esateak alternatiba txarragoa dela»—, eta beste bati ekin behar zaio: «Egitasmo demokratiko benetan erradikal eta plurinazional bat jarri behar da martxan».

Ezker independentisten mezuetan errepikatu den elementu bat da hori. EH Bilduren kasuan, estatu ereduaren inguruko eztabaida mahaigaineratzea da horretarako ezinbesteko urratsetako bat: «Ez da posible bloke erreakzionarioak eta ezkerreko sektore omen direnek estatu eredu bera izatea». ERCk, berriz, eskuinera begiratu beharrean ezkerrera begiratzeko exijitzearekin batera, hiru lehentasun ezarri dizkio: «Etxebizitza, etxebizitza eta etxebizitza». Eta ezin ahaztu denbora luzean ez atzera ez aurrera dabiltzan beste hainbat gai: mozal legea, sekretu ofizialena...

Gainera, dei hori gobernu barrutik ere jaso du Sanchezek. Hala iradoki daiteke Martinezen adierazpenetatik, «ezinbesteko agenda soziala» garatzeko deia egin baitu: «Blokeo egoera atzean utzi behar du, eta astearteko Ministroen Kontseiluan hasi, baimen ordainduekin».

Halakorik egin ezean, bazkide horiek kolokan ikusten dute Sanchezek atzo plazaratutako nahia betetzea; hau da, 2027ra arte Moncloan irautea. Hala erantzun du Aizpuruak gobernuburuak pauso horiek emateko asmorik izan ote dezakeen galdetuta: «Hori da ikusteko dagoena, ea Sanchezek indarra, nahia eta borondatea izango ote dituen behar den fase berria hasteko». Kontrara, ez dio etorkizun oparorik ikusten. «Uste dut bere horretan eroriko dela», esan du.

«Zintzotasuna»

Ustezko ustelkeria kasuak PSOEren barrenak ukitu ditu. Ez da gutxiagorako, alderdiaren azken bi Antolakuntza idazkariak baitaude ikerketapean; Jose Luis Abalos eta Santos Cerdan. Halere, ez EH Bilduk ez Sumarrek ez dute zalantzan jarri gobernuko presidentearen «zintzotasuna».

Arlo legegilean egindako eskaeretatik harago, baina, bada bi alderdi horientzat marra gorri bat, Mariano Rajoyren gobernua erorarazi zuen berbera: alderdiaren legez kanpoko finantzaketa. «Larria litzateke», esan du Martinezek. EH Bilduko Oskar Matutek, berriz, horren ondorioa zein izango litzatekeen aurreratu du, Radio Euskadin: «Egitura politiko baten legez kanpoko finantzaketa ezin da uztartu kolaborazio batekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.