Koldo auzian Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren kontrako ikerketak alderdi sozialista astindu du. Pedro Sanchez Espainiako presidentea indartuta atera zen alderdiaren asteburuko batzorde federaletik, alderdikideen babesa berretsita; gaur, berriz, aurpegia eman behar izan du Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran, eta ustelkeriaren kontrako neurri «sendoak» aurkeztu ditu. Koalizio gobernuko kideek esku zabalik jaso dituzte neurri horiek. Gabriel Rufian ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoak Kongresuan duen bozeramailearen zehaztapenak, ordea, argi utzi du bilkura zer dela-eta egin duten: «Hau ez da ustelkeriari buruzko debatea, legegintzaldiak jarraituko duen ala ez eztabaidatzekoa baizik».
Sanchez «kontuak ematera» joan da, eta, asteburuan egin gisa, bere gain hartu du bere garaian Jose Luis Abalos eta Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari izendatu izana, baina «gutxi batzuen traizioak ezin ditu besteak zikindu», argudiatu du. Ustelkeriaren aurkako hamabost neurriko plana aurkeztu du, eta, horrekin, gobernuari babesa ematen dioten talde parlamentarioen konfiantza berreskuratu nahi du presidenteak, eta «herritarren zalantzak ere argitu». OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin batera ondu du gobernuak plan hori, duela hilabete Cerdanen auzia argitara atera eta oraintsura arte. Alde askotatik —baita PSOEtik ere— heldu zaion konfiantza mozioa egiteko edo dimisioa emateko eskaerak «aintzat hartu» ditu egun hauetan, nahiz eta azkenean zera erabaki duen: «Amore ematea ez da aukera bat».
USTELKERIAREN AURKAKO PROIEKTU LEGEGILEAREN bost ardatzak
Arriskuen prebentzioa eta ustelkeriaren kontrako kontrola indartzea: besteak beste, agentzia independente bat sortuko dute.
Salatzaileei babesa eta konfidentzialtasun bermeak ematea: esaterako, ustelkeria kasuetan auzipetutako enpresekin harremana etengo du administrazio publikoak.
Ustelkeria ikertzeko, epaitzeko eta zigortzeko gaitasunak zorroztea: administrazio publikoaren kontrako zigorrak.
Bidegabeki ostutako ondasunak-eta berreskuratzeko eta kudeatzeko neurriak.
Ustelkeriaren aurkako kultura sustatzea: ikerketa demoskopikoak eta kanpainak egingo dituzte.
Espainiako presidentearen hitzetan, «suminduta» daude koalizio gobernuko kideak, eta horrek gobernua «hobetzen» lagunduko du. Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak adierazi du aldaketarako abagunea eskaini duela PSOEko buruzagien ustelkeria kasuak: «Espainian agintzeko modu bat izan da ustelkeria. Berezkoa du sistema politikoak. Baina eragotz daiteke. Hamarkada luzez inork ez du nahi izan hura amaiarazi, eta bada ordua hori egiteko». Erantzunak eta bermeak exijitu dizkio Diazek Sanchezi: «Badakigu emango dizkiguzula. Badakit ohoretsua zarela». Sumar alderdiko liderrak deritzo «defizit demokratikoa» dagoela, eta nabarmendu du herritarrak «haserre» daudela: «Zenbat eta ustelkeria gehiago, orduan eta demokrazia gutxiago». Legegintzaldiari «bira soziala» emateko eskatu dio.
ERCko Rufian kritiko azaldu da, eta alderdi sozialistari leporatu dio zozoak beleari nola halaxe aritu zaiola PP Alderdi Popularrari: «Ezkerrak ezin du lapurtu; horrek ez du nahi esan ezkerrak lapurtzen ez duenik. Penalizazioa askozaz ere handiagoa da eskuinarekin konparatuta baino». Babesa erakutsi dio Sanchezi, baldintza batzuekin: Koldo auzia eskupekoak eman zituzten hiru lagun baino ez badira, presidente gisa jarraitu beharko du Sanchezek: «Gobernu bat ezin da eraitsi mahai gainean daukagunarekin», esan du Rufianek. Bestela, auzia «handitzen» bada, herritarrek erabakiko dute zer egin gobernuarekin, haren arabera. Presidenteari gogoratu dio, gainera, ez zela presidentetzara heldu PSOEko boto emaileekin bakarrik —Sumarrek, ERCk, JxC Junts Per Catalunyak, EH Bilduk, BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak eta CC Koalizio Kanariarrak babestu zuten Sanchezen inbestidura, 2023ko azaroan—. «Une bat helduko da, non agian ezingo duzun eskuina galgatu, non eskuina edo eskuin muturra [gobernuan] sartzen badira, agian betirako sartuko diren. Ez dugu halakorik baimenduko».
«Espainian ez dago ustelkeria sistemikorik, eta, halakorik existitzen bada, iraganean baino askozaz ere gutxiago dago»
Pedro SanchezEspainiako presidentea
Miriam Nogueras JxCko diputatuak adierazi du «dike» gisa jarraituko dutela «ezker interbentzionistaren eta zentralistaren» eta «eskuinaren eta eskuin muturraren irrika katalanofoboaren» artean. Ione Belarra Podemos alderdiko idazkari nagusiak esan du Sanchezen hitzaldiak «dezepzionatu» egin duela: «Neurri kosmetikoekin eskandalu mediatiko bat estaltzeko asmoz etorri zara». Nestor Rego BNGko bozeramaileak galdegin du bete daitezela Sanchezek aurkeztutako hamabost neurriak: «Irmotasuna ustelkeriaren kontra, erortzen dena erortzen dela ere». Cristina Valido Koalizio Kanariarreko diputatuak, berriz, Sanchezi eskatu dio konfiantza mozio bati aurre egin diezaiola. «Ezin bada gobernatu, dei dezagun hauteskundeetara; ez beldurrik izan». EAJk ere konfiantza mozioa eskatu dio, eta hala erantzun die Sanchezek: «Taldeek eskura dute zentsura mozioa, eta, ez badute halakorik aurkezten, gehiengorik ez dutelako ez dute aurkezten».
Eskuinak, gogor
PPk eta Voxek dimisioa ematea eta hauteskundeetara deitzea eskatu diote Sanchezi. «Guztia kontrolpean» duela esan dio Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente berriro hautatu berriak —alderdiak asteburuan egin zuen kongresu nazionala—: «Gauza okerrak egiteko pertsona egokiak aukeratu zenituen, boterera heltzeko eta bertan mantentzeko». Ustelkeria kasuak hizpide, Sanchezek «neurri kosmetikoak» aurkeztu izana gaitzetsi du PPko buruak, eta erantsi «etika eta dezentzia» falta zaiola presidenteari. Alternatiba bakarra hauteskundeak aurreratzea dela nabarmendu du: «edo Sanchez edo dezentzia» erabaki beharko dutela herritarrek hautetsontzietan.
Vox alderdiko diputatuak ez dira izan Sanchezen hasierako hitzaldian, eta Santiago Abascal beren liderraren hitz egiteko txanda zenean bertaratu dira. Sanchezi mintzatu zaio Abascal: «Ustelkeriaren kontrako plan bat aurkeztu nahi duzula esatea ere... Bejondeizula». Haren ustez, «balio duen plan bakarra» dimisioa da. Dimititzeko eskaerak ikusita, Sanchezek berretsi du bereari eutsiko diola, eta ez diola «inolako beldurrik» hauteskundeetara deitzeari. «Baina dagokionean deitu behar da hauteskundeetara; legegintzaldiak lau urtekoak dira», adierazi du.