PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdani lotutako ustezko ustelkeria kasuak «beste fase batean» kokatu ditu Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdiak, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegiren esanetan: «Jada ez du balio esateak alternatiba txarragoa dela». Hala, proposamen bat aurkeztu du fase berri horri ekiteko, eta alderdiekin horren inguruan hitz egiteko asmoz azaldu da: «Egitasmo demokratiko benetan erradikal eta plurinazional bat jarri behar da martxan».
Egoera politikoaren inguruko interpretazio bat egiteko asmoz atera da Otegi prentsaurrera, eta hura «aztoratuta» dagoela aitortu du; batez ere, Espainian. Cerdan auzia oraindik argitzeke dagoen arren, ez dio hari garrantzia kendu nahi izan: «Gertaeren larritasuna agerikoa da».
Egoera hain da larria, ezen «fase bat bukatzea» eragin baitu, koalizio subiranistako buruaren hitzetan. Izan ere, gogoratu du PSOEren eta Unidas Podemosen —egun, Sumarren— arteko koalizio gobernuak «aukera leiho bat» ireki zuela, eta hura baliatzea probestu zuela EH Bilduk. Baina, jada ez du balio orduan Espainiako eskuinaren kontra eratutako gehiengo «zirkunstantzialak».
Beraz, aurrera begira jartzeko beharra nabarmendu du Otegik, egungo «olatuan surf egiteko» modua eman dezaketen epe motzeko neurrietara mugatu gabe: «Ez gobernu bat, pertsona bat edo legealdi bat sostengatzeko, baizik eta benetako egitasmo demokratiko bat ezartzeko».
Haren xedea 1978an egin ez zirenak konpontzea litzateke, azaldu duenez. Batetik, «ustelkeria sistemikoa» bukatzearen alde egin beharko litzateke, «erori behar diren guztiak» eroraraziz, «besteak beste, Ibex indizean dauden asko». Era berean, defendatu du hura «plurinazionala, demokratikoa eta herritarra» izan behar dela, «zentzu guztietan» eskuinari aurre egiteko gai izateko: «Estatuko krisi guztien oinarria, ustelkeriatik haratago, konpondu gabe dauden arazo nazionalak dira».
Hau da, Otegik uste du estatu ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri behar dela, nazio auziei «irtenbide demokratikoak» emateko. Horretarako, Espainiako ezkerreko alderdiei eskatu die eskuinetik bereiziko dituen proiektu alternatibo bat babesteko: «Ez da posible bloke erreakzionarioak eta omen ezkerreko sektore direnek estatu eredu berdina izatea».
Hain zuzen, Otegi prest azaldu da aferaz hitz egiteko Sanchezen legealdia sostengatzen ari diren indarrekin, eta gehitu du elkarrizketa horiek «lasai eta soseguz» egin behar direla, «modu oso diskretuan». Horiek hala izanik, ez du zehaztu nahi izan zer den datozen hilabeteetan koalizioak gainerako alderdiei helarazi nahi diena, baina gogoratu du EH Bilduren asmoa zera dela, estatuaren izaera plurinazionala aitortzea eta hortik abiatzea.
«Erregimena salbatzea»
EH Bilduko idazkari nagusiaren esanetan, eskuinak argi du zein den bere xedea, eta horren isla da azken asteetan gertatzen ari dena. Izan ere, Otegiren hitzetan, eskuineko alderdien, epaileen, Guardia Zibilaren, PSOEko sektore batzuen —tartean, Felipe Gonzalez eta Jose Barrionuevo—, Espainiako Apezpiku Batzarraren eta beste zenbait eragileren nahia ez da ustelkeriari aurre egitea: «Eurak ere leporaino bustita daude». Hala, uste du asmoa «erregimena salbatzea» dela. «Helburu jakin bat duen operazio politiko sakon bat dago», adierazi du, eta argudiatu gobernua eta hark irekitako «aukera leihoa» amaitzea dela xede hori.
Izan ere, koalizio subiranistako buruak ez du Cerdan auzia isolatuta aztertu, uste baitu ustelkeria «faktore estruktural bat» izan dela azken hamarkadetako Espainiako politikagintzan. «Nor harritzen du Espainiako Estatuan ustelkeria kasuak egotea?», galdetu du, eta berak erantzun: «Ustelkeria erregimenaren naturan oso ongi txertatutako faktorea da».
Lehen kontaktua
Kazetarien galderei erantzunez, aste honen hasieran Cerdanek Espainiako Auzitegi Gorenean esandakoari erreparatu dio Otegik. PSOEko kide ohiak adierazi zuen Antxon Alonso Servinabarreko administratzaileak zubi lanak egin zituela hura EAJko eta EH Bilduko ordezkariekin harremanetan jartzeko. Otegik azaldu du, espetxetik atera eta gutxira —2016an irten zen—, bien arteko lagun batek esan ziola Alonsok proposamen bat egin nahi ziola, eta ea harekin elkartuko ote zen. Koalizio subiranistako buruak baiezkoa eman zion, eta bilera hartan Alonsok jakinarazi zion «PSNko buruzagi batek» harekin elkartu nahi zuela. Beste behin ere ikusi zuten elkar, hain zuzen, Alonsok Cerdan eraman zuenean Otegirengana. EH Bilduko eta PSOEko kideen arteko lehen bilera izan zen: «Zehaztu genuen zein izango zen PSOEren eta EH Bilduren arteko elkarrizketarako bidea».
Era berean, Otegik aitortu du, bakarra izan ez den arren, Cerdan EH Bilduk PSOErekin izandako «solaskide nagusietako bat» izan dela: «Ez dugu arazorik hori aitortzeko; mundu guztiak daki zertaz hitz egin dugun». Hala, zuzenean EAJ aipatu ez duen arren, «malabarak egitearekin» alderatu du beste alderdi batzuek Cerdanekin izandako harremana ezkutatu nahi izatea.