Nafarroako Auzitegi Nagusiak sei hilabeteko espetxe zigorra eta 900 euroko isuna ezarri dizkio 26 urteko gizon bati, joan den urteko ekainean, Iruñean, gizon homosexual bati irain homofoboak egin eta haren aurrean LGTBI bandera bat erre zuelako. «Eskubide eta askatasun publikoen» aurkako delitua leporatu dio, diskriminazio arrazoiengatik norbaiten duintasunaren aurka egindako eraso gisa tipifikatua. Epaiak aringarritzat jo du zigortutako gizonak aurretik akordioa sinatu izana biktimari 2.000 euro ordaintzeko.
Epaiak jasotzen duenez, iazko ekainaren 23an, goizaldeko 02:55ean, Iruñeko Biurdana pasealekuan, biktimarekin eta emakume batekin gurutzatu zen erasotzailea, eta gizonaren aurka irainka hasi zen. «Kasu egiozu, ez zaitez ergela izan: nahi baduzu, berarekin larrua jo dezakezu», esan zion. Biktimak homosexuala zela erantzun zionean, «marikoi zikina» deitu zion, eta jarraian LGTBI bandera bat erre zuen bere aurrean. Ondoren, biktimak eta haren lagunak ihes egin zuten, eta Poliziari abisu eman zioten.
Epaitegiak ebatzi duenez, biktimaren «duintasuna eta integritate morala zapaldu» zituen akusatuak. Gainera, epaiak jasotzen du hainbat talde ultraeskuindar eta homofoboren 38 pegatina itsatsi zituela inguruko faroletan; besteak beste, Comunidad Identitas, Noviembre Nacional eta Casapound Italia mugimendu faxisten sinbologia zuten pegatinak jarri zituen.
Auzitegiak azpimarratu duenez, erasotzailearen jokabideak «umiliazio larria» eragin zion biktimari, eta haren «duintasuna» urratu. Zigortutako gizonak ez du hurrengo bi urtetan espetxera joan beharko, baldin eta epe horretan ez badu berriro deliturik egiten eta ezarritako isuna ordaintzen badu.