Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontrako euroagindu bat onartu du Parisko Dei Auzitegiko instrukzio aretoak gaur. Horrenbestez, beste epaiketa bati aurre egin beharko dio Espainiako Auzitegi Nazionalean. Agindua gauzatuz gero, 1996ko martxoaren 4an Ramon Doral ertzainaren kontrako ekintza batean parte hartzea egotzita irekiko diote auzibidea. Sorzabalen defentsak iragarri du helegitea jarriko dutela Frantziako Kasazio Auzitegian. Hiru egun dituzte horretarako.
Defentsak ahozko jakinarazpena baino ez du jaso gaur, eta bihar izango du izango du eskura epaia. Dena den, helegitea bi ildotan oinarrituta prestatzen ari dira: batetik, Europako zuzenbideari erreparatuz, argudiatuko dute euroaginduak atzera bota izan dituztela atxilotuaren oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua kusiz gero; bestetik, nabarmenduko dute Sorzabalek atxiloaldian salatu izana torturapean egin zituela aitortzak, baita lehen aldiz Espainiako Auzitegi Nazionalak epai batean «tratu gizagabea» jaso zuela aitortu eta hura absolbitu izana ere.
Sorzabal preso dago Martuteneko kartzelan, beste auzi batzuekin lotuta.