«Irun harrera herria da, eta ateak zabalik ditu migranteentzat»

Elkarretaratze jendetsua egin dute Irunen. Adierazi dute Whatsapp bidez antolatzen diren 'herritar patruilak' «mehatxu politikoa» direla, eta migranteen kontrako beldurra sortzen dutela.

Irunen gaur arratsaldean egin duten protesta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irunen gaur arratsaldean egin duten protesta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urriaren 2a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Irun harrera herria da, eta, hamarkadatan Euskal Herriko eta Espainiako milaka migranteren etxe izan den bezala, ateak zabalik ditu beste lurraldeetako migranteentzat, kultura aniztasunarentzat». Herritar andana bildu da gaur arratsaldean Irunen (Gipuzkoa), gogoratzeko hirian arrazakeria eta faxismoa ez direla ongi etorriak. Izan ere, adierazi dute «gorakada erreakzionarioa eta ultraeskuina arazo larria» direla hirian eta «premiazkoa» dela horiei aurre egitea.

Hain zuzen, joera horren adierazpenetako batean jarri dute arreta gaurkoan: herritar patruilak delakoetan. Kontatu dutenez, hirian iazko maiatzean agertu ziren lehenbizikoz, Whatsapp talde batekin: «Gauez auzotik paseoak emateko sortu omen ziren». Pertsona horiek diote «segurtasuna» axola zaiela, eta ez dela «nazionalitate kontu bat». «Alabaina, egunero-egunero haien Whatsappean ikus dezakegu maskara publiko hori gezurrezkoa dela. Nazionalitate jakin batzuen aurkako irain konstanteak; migranteen deshumanizazioa; pertsona arrazializatuen argazkiak zabaltzea eta haiek seinalatzea existitze hutsagatik, ezer egiten ari ez badira ere; migranteen aurkako indarkeria erabiltzeko deiak eta heriotza mehatxuak; kalean daudenen aurkako gorrotoa...», adierazi dute agerraldian. 

Talde hori «mehatxu politikoa» da hiriarendako, elkarretaratzean erran dutenez. Bi arrazoirengatik: batetik, bertze irudi bat eman nahi duten arren, «arrazakeria eta gorrotoa zabaltzeko lan egiten dutenek gidatutako taldea» delako; eta, bertzetik, «ultraeskuinarentzat mesedegarri den klima soziala elikatzeko akuilu lana» egiten dutelako. «Migranteen aurkako beldurra sortuz eta estatuko indar polizialen plantilla eta autoritarismoa indartzeko galdeginez, ultraeskuinaren agenda inposatzeko dibulgazio funtzioa betetzen dute», gehitu dute. Protesta egin duten bitartean ertzain ugari izan dituzte inguruan. 

(ID_16499362) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-10-02, Irun. Irunen migratzaileak jomugan dituzten \
Jendea protetan, eta ertzainak ondoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Segurtasunaren izenean

Segurtasunik ezaren narratiba azken urteetan anitz mediatizatu dela azaldu dute, Irunen nahiz Euskal Herriko bertze lekuetan. Eta diskurtso horrekin batera datorrela polizia gehiago kontratatzeko eskaria. Ordea, gogoratu dute Irunen zazpi eta zortzi polizia agente inguru daudela 1.000 biztanleko —Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren artean—. 

Salatu dute, halaber, «segurtasuna» edo «delinkuentzia» markoak «tranpatiak» direla: «Delinkuentzia aspalditik deitu zaio kapitalismoak eragiten duen pobreziaren eta miseria egoeraren sintomei. Ez zaie delinkuentzia deitzen, esaterako, behin baino gehiagotan ikusi ditugun migranteen esplotazio kasuei; non enpresari lokalek kontratu gabe, ordu luzez, miseria baten truke, eta maiz, indarkeria fisiko eta sexuala tarteko, esplotatzen dituzten». Hala, agerraldian erran dutenez, segurtasun falta ez dute migratzaileek sortzen, bai, ordea, langabeziak, inflazioak, etxegabetzeek, indarkeria matxistak eta eraso arrazistek edo LGTBfoboek. Hortaz, talde arrazistei aurre egitera dei egin dute: «Ez nahastu etsaiz. Irunen, arrazakeriari eta faxismoari ez!».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA