Irungo muga. Poliziaren jokabidea

Irun, praxi okerren muga

Poliziak migranteak Irunera itzultzean darabiltzan praxi okerrak salatzen ari dira aspaldi zenbait elkarte eta aditu. 1.221 pertsona itzuli zituen Poliziak 2021. urtean

Poliziaren kontrol bat, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Zenbat eta migratzaile gehiago atxilotu, orduan eta opor egun gehiago. Truke hori eskaini zien duela aste batzuk Espainiako Poliziaren Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak bertako komisariako poliziei. Agindua gero bertan behera gelditu zen arren, migratzaileenganako Poliziak daukan jarreraren adierazgarri izan zen gertakaria. Izan ere, ez da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan migratzaileekin lan egiten duten elkarteek Frantziako zein Espainiako polizien «kontrol arrazistak» eta bestelako praxi txarrak salatzen dituzten lehen aldia. «Frantziako Polizia migratzaileen eskubideen aurkako ekintza horien adierazle izan da, eta orain agerian jarri da Espainiako Polizia ere modu horretan ari dela», esan du Irungo Harrera Sareko Oihana Galardik.

Ikusi gehiago: Pirinioak zeharkatzen ari dira 220 gazte, errefuxiatuen gizarteratzea aldarrikatzeko

Euskal Herrian bizi diren pertsona arrazializatuek Harrera Sareari helarazi dizkiote erregularki beraien testigantzak: «Esaten digute Euskal Herriko zenbait lekutan bizi izan direla, baina arrazializatuak izateagatik Irunen askoz kontrol gehiago jasan behar izan dituztela beste leku batzuetan baino. Arrazializatuak eta afrikar jatorria izan dezaketen pertsonak jomuga gisa hartzen dituzte, handik etorri ala ez», azaldu du Galardik.

Askotan salatu dituzte poliziek Lapurdiko aldetik Gipuzkoara modu irregularrean egiten dituzten itzulketak ere. «Hendaian atxilotzen dituztenean, gertatu daiteke atxilotu eta Irunera itzultzea besterik gabe, inolako formaltasunik gabe», azaldu du Iker Barbero EHUko Zuzenbide irakasleak. Frantziak eta Espainiak 2002an hitzartu zuten Malagako Itunak ematen du legez mugan kanporatzeak egiteko era, baina itun hori ez da beti erabiltzen. «Gerta daiteke Malagako Ituna aplikatuz prozedura minimo bati jarraitzea, non Frantziako Poliziak Espainiakoari eskatzen dion bere gain hartzeko migratzaile hori, egoera irregularrean dagoelako Frantzian. Baina, formaltasun minimo bat denez, pertsona horrek ez dauka bere burua defendatzeko aukerarik, administrazioak ez diolako abokaturik jartzen», dio Barberok.

Izan ere, itun hori aplikatzeko, Poliziak frogatu egin behar du pertsona hori egoera irregularrean dagoela Frantziako Errepublikan, eta Espainiako Erresumatik datorrela, edo, gutxienez, loturaren bat daukala Espainiarekin. «Gero, Espainiako Estatuak hori guztia egiaztatu eta onartu behar du. Lan handia da Poliziarentzat, eta horregatik ez dute askotan egiten», dio Barberok. Horrek, era berean, migratzaileei defentsarako eskubidea urratzen diela gehitu du, eta muga zeharkatzean atxilotutakoek bi prozeduretan izan behar dutela abokatu bat izateko eskubidea: Frantziako Poliziak kontrolatutako aldean, hasierako itzultzean, eta baita Espainiakoak kontrolatutakoan ere, entrega egiten denean. «Entrega hori atxiloketa bat da; beraz, abokatua izan beharko luke, eta hark denbora eduki beharko luke defentsa duin bat emateko. Ez du balio abokatuari deitu eta elkarrizketa bukatzen denean pertsona hori berehala kanporatzeak. Abokatuak denbora behar du informazioa aztertzeko eta dagozkion helegiteak egiteko», azaldu du Barberok.

Ikerlariak duela gutxi kaleratu duen Arkitektura juridikoa, itzulera-prozedurak eta oinarrizko eskubideak Pirinioetako ekialdeko mugan lanaren arabera, 1.221 itzulketa egin ziren 2021. urtean Irungo mugan Lapurditik Gipuzkoara; 2016. urtean, berriz, 178 pertsona itzularazi zituen Poliziak Hego Euskal Herrira.

Hala ere, Galardik azpimarratu du paperik ez izatea ez dela delitu penal bat, hutsegite administratibo bat baizik: «Jendea hainbat orduz edukitzen dute atxilotuta, eta gero kalean uzten dute, babesgabe. Edozein arau administratibo apurtzen duen pertsona bati ez zaizkio eskubideak modu horretan urratzen, eta ez zaio horrela jazartzen».

«Kanporaezinak»

Pertsona horiek «kanporaezinak» bihurtzen dira beren jatorrizko herrialdeak bueltan onartzen ez dituenean, kanporatzeko itunik lortzen ez dutenean edo identifikatu ezin direnean, besteak beste. Horregatik, poliziek libre uzten dituzte askotan. Barbero: «Pertsona asko daude kanporatze agindu batekin duela urte pila batetik, eta Poliziak atxilotu ditu, baina ikusten du ezin dituela kanporatu. Orduan, libre geratzen dira, kanporatzen agindu batzuekin, egoera irregularrean... Eta horixe gertatzen da Irunen».

Gehienak kalean geratzen diren arren, muga zeharkatzen saiatzen direnak CIE edo migranteak kanporatzeko zentroetara bidaltzen dituzten susmoa daukate Harrera Sarekoek. «Hala ere, ez dakigu zenbat jende bideratzen duten CIEetara. Ez dugu horren inguruko informaziorik», adierazi du Galardik. Hain zuzen, horren inguruko ikerketa bat egin zuen Barberok duela urte batzuk, eta ondorioztatu zuen «oso gutxi» bidaltzen direla mota horretako zentroetara. «Atxiloketen datuak hain altuak izanda, pentsatzen genuen CIEetara bidaltzeko eskaera asko egongo zela. Baina konturatu ginen ez zela horrela». Izan ere, migratzaileak CIEetara eramaten dituzte bertan atxikitzeko kanporatu bitartean, eta, Irungo mugatik igarotzen diren gehienak «kanporaezinak» direnez, ezin izaten dituzte zentro horietara bideratu. «CIEetara bidaltzen dituzte Irunen edo inguruko herrietan bizi direnak, baina ez da ohikoa muga zeharkatzera doazenak bertara bidaltzea», adierazi du Barberok.

Bada beste aukera bat ere: «Poliziak ikusten badu aukera dagoela pertsona hori erraz kanporatzeko, Marokora bueltatu daitekeelako, esaterako, pertsona hori ez da CIE batetik pasa ere egingo. Zuzenean Irundik autoan eramango du Poliziak, Algeciraseraino [Cadiz, Espainia]».

Schengen eremuko araudia

Berez, Irungo mugako zirkulazioa librea izan beharko litzateke, Hego zein Ipar Euskal Herria Schengen eremuaren barruan daudelako. 1985. urtean jarri zen indarrean akordioa, eta eremu horren barruan dauden herrialdeen arteko zirkulazio librea bultzatzen du. Hala ere, Irun eta Hendaiaren arteko muga itxita dago. «Schengengo Itunak baimentzen dio estatu bati egoera berezi batean bere mugak berrezartzea. Baina epe konkretu baterako; sei hilabete inguru izaten da normalean», esan du Barberok. «Terrorismoaren mehatxua» erabili zuen Frantziak hasieran muga berrezartzeko, baina, legezko epea bukatzean, beste arrazoi batzuk erabili ditu: terrorismoa, COVID-19a, errugbiko mundiala... «Frantzia kontzeptu ezberdinak erabiliz joan da, eta horrela lortu du mugen itxiera betikotzea. Hala ere, praktikan, ikusi dugu migratzaile beltzak eta afrikarrak izan direla mugetako kontrolen helburu bakarra».

Frantziak urtarrilean proposatu zion Espainiari muga zabaltzeko aukera, baina, ordainetan, «pertsonen salerosketa eta ezkutuko migrazioa» kontrolpean mantentzeko, polizia espainiarrek eta frantsesek osatutako taldeak sortzea nahi zuen. Espainiak ezezkoa eman zion, ordea, patruila horiek Schengen eremuko araudiaren aurka egiten zutela argudiatuta. Hala ere, azken asteetan Frantziak Irungo mugan jarritako kontrolak aldatzen ari dira: «Geroz eta gutxiago ikusten da Frantziako Polizia zubietan. Hendaiako tren geltokian, Urruñan eta autobus geltokietan egon ohi dira orain; atzera egin dute. Hala ere, mugak berrezarrita mantentzen dira», esan du Barberok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.