Iruñean familia bat etxegabetu nahi dutela salatu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Indarkeria matxista pairatu duen emakume batek eta haren hiru seme-alaba adingabeek osatzen dute familia. Adania etxebizitzen enpresa taldeak kaleratu nahi ditu.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ekainean egindako prentsaurrekoa, Iruñean. IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ekainean egindako prentsaurrekoa, Iruñean. IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
2026ko uztailaren 17a
13:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adania enpresa taldeak, Nafarroako etxejabe handienak, indarkeria matxista pairatu duen emakume bat eta haren hiru seme-alaba adingabeak etxegabetu nahi ditu hurrengo egunotan Iruñean, hango Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenaren arabera. Familiak urtebete baino gehiago darama Soto Lezkairun bizitzen, eta, joan den hilean etxebizitza uzteko hogei eguneko epea emanda ere, uztail hasieran jaso dute etxegabetze agindua. Epaileak Udaltzaingoari etxea husteko agindu dion arren, ez dago data zehatzik finkaturik, eta gaurtik aurrera «edonoiz» bota ditzakete kalera.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Adania enpresaren jarduteko modua kritikatu du: «Baliabide gutxien duten pertsonei esker dirua ateratzen dute, eta ez daukate zalantzarik haiek etxetik kaleratu behar dituztenean». Eta gogorarazi du Nafarroako Gobernuaren esleipen eta diru laguntza gehien jasotzen duen enpresa dela: «Duela hilabete gutxi lau milioi euroko diru laguntza bat jaso zuen Adaniak, alokairu babestuko etxebizitzak eraikitzeko».

Etxegabetzea gauzatzeko data eta ordu zehatzik ez diote zehaztu familiari, eta hori «krudelkeria» dela iritzi dio sindikatuak, horrelakoetan familiak ez dakielako «noiz kanporatuko dituzten eta nora joango diren bizitzera». Era berean, sindikatuak Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Nafarroako Gobernuaren jokabidea kritikatu du: «Familia honi ez zaio eskaini hotel batean hiru egun egotea baizik; baldintza minimorik ez dute, eta egonkortasunik ere ez».

Sindikatuak Adaniari exijitu dio bermatu diezaiola alokairu kontratu «egonkor bat» familiari, bere etxebizitzan geratzeko aukera izan dezan. Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari, berriz, eskatu die ez dezatela «beste alde batera» begiratu. Azkenik, enpresaren jokabidea nabarmen kritikatu dute: «Ez da inolaz ere onargarria hiru adingabe dituen familia bat kalean uztea, alternatiba errealik gabe etxegabetzea ate-joka duenean».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA